Gutizia iluna

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Dorronsoro 2026ko ekainaren 27a

Egunero eranzten dizut zilarrezko jantzia, bitan, zaren urrea emeki dastatzeko.  Hainbeste zor dizu nire pozak, eta gaur ohikoa baino denbora gehiago eskaini nahi dizut. Beraz, beldurrak gainditu eta barne-hiztegian kontsultatu zaitut:

Txokolatea: albo kalterik gabeko pilula magikoa.

- Historian: Zaragozako harrizko monasterioan harrizko laga gintuzten; hango mojek gehitu omen zioten azukrea Ameriketatik zetorren fruitu mikatzari. "Biba mojak! Zuek bai Jainkoaren zerbitzari leialak!".

- Koloretan: esnez gainezka, gozo-gozoa maite bainuen nik orduan, hogeita bost urterekin, txokolatea, xuabe. Aldatu dira, ordea, garaiak, eta nigan zerbait ere bai, antza... Mikatz eta intentso maite dut orain, autentiko. Beharbada, horrexek erakartzen nauelako orain inguruan ere: hornidura ponposoetatik libre, barne-mikatzak, ezkutuko ahuldadeak, erakusten dituzten pertsonak. Jende ausarta, autentikoa; txokolate beltzezko jendea.

- Tenperatura eta testuran: hotza, garratz guztiek desio duten andregaia kukurutxo-uztaian; beroa, galdetu arimari, hark bakarrik daki!; urtua, postreen luxuzko berokia; gogorra, hau zure omenez!

- Afroditaren eskutik: "Etxera bazatoz txokolatia emangoizut!", bota zion. Eta etorri zen, baina ez zuten behar izan. Ez elkarrekin.

- Aktualitate edo politikan: Israelek txokolate artifiziala sortu omen du, laborategian. Probarazi dio jende andanari, eta ezin omen dute naturatik datorrenetik bereizi. Dirutza inbertitu dute, gerora dirutza hori bueltan biderkatzeko asmotan, lan-esku piloa aurrezten omen delako. Israel/dirua ekuazioan, Muguruza jaunak zioen moduan, jada ez nau ezerk harritzen! Neure buru kuriosoak segituan galdetu dit, ordea, ea emango lidakeen armairuan mimoz gordetzen dudanak ematen didana. Deskuiduan lehendik dauzkadanak kendu!
Zuri, bada, hau, nire gutizia ilun hori. Baina, bide batez, nola ez, baita eguneroko txikia handi egiten didazuen beste bizigabe eta bizidunoi ere! Eta azkenik, Deban izan genuen Iurgi Ekizak kantatzen dienei, hitzek justiziaz jaso ezin dituzten naturako bizipen arrunt-ei.

Den-denei, agur eta ohore!