Egoera honek kontraesan nabarmena sortzen du. Alde batetik, emakumeon gorputzak eta gaitasun erreproduktiboak negozio bihurtzen dira, inolako zalantza handirik gabe. Bestetik, abortatzera doazen emakumeak oraindik ere epaituak eta presionatuak izaten dira kliniken atarian. Hau da, merkatuak onartzen duena zilegi da; emakumeon autonomia, aldiz, etengabe jartzen da zalantzan.
Horrek erakusten du arazoa ez dela morala edo ideologikoa soilik. Egiturazko auzia da: emakumeon gorputzek balio ekonomikoa dutenean, onartuak dira; erabaki autonomoak hartzen direnean, ordea, gatazkatsu bihurtzen dira. Horregatik, erreprodukzioaren inguruko eztabaida ezin da eskubide formaletara mugatu. Benetako galdera da nork kontrolatzen duen: emakumeek ala merkatuak.
Eskubideak benetakoak izan daitezen, ezinbestekoa da emakumeon gaitasun erreproduktiboa negozio logikatik kanpo uztea. Bestela, gure askatasuna baldintzatuta egongo da beti.