"Zergatik ez du alde egiten?". Zenbat aldiz entzun dugu hori erasotzailearekin bizi den emakume bati buruz? Galdera alderantziz egin beharko genuke: nora joan daiteke? Nola utzi atzean erasotzailea alokairua ordaintzeko dirurik ez badu, seme-alaben zaintza bere gain badu edo beste etxebizitzarik ez badu? Indarkeriazko harreman batetik ateratzea ez da borondate hutsezko erabakia, baldintza materialak behar dira.
Etxea babeslekutzat aurkezten digute, baina askorentzat beldurraren eta mendekotasunaren espazio bihurtzen da. Eta ez bikotekideen indarkeriagatik bakarrik; etxebizitza-premiak etxejabeen gehiegikerien aurrean ere babesgabe utz gaitzake emakumeok. Diru-sarrera urriak, zaintza-lanak eta alternatibarik eza gurutzatzen direnean, askatasuna bera mugatzen da.
Instituzioek emakumeak babesteko konpromisoa aldarrikatzen dute. Baina konpromiso hori ezin da adierazpenetan geratu. Zer balio du erasotzailea salatzera animatzeak, ondoren etxebizitza duinik, laguntza profesionalik edo babes sozialik bermatzen ez bada? Baliabideak urriak edo eskuratzeko zailak direnean, eta tramiteek emakumeak behin eta berriz haien bizipenak frogatzera behartzen dituztenean, babesak huts egiten du.
Horregatik, etxebizitzarako eskubidea ez da bigarren mailako aldarrikapena, emakume langileon askatasunerako ezinbesteko baldintza baizik. Indarkeria matxistari aurre egiteko, ezinbestekoa da bizi-baldintza duinak bermatzea. Izan ere, emakume batek erasotzailearengandik alde egiteko aukerarik ez badu, ezin dugu benetako askatasunaz hitz egin.
Emakume langileon babesa antolatu behar dugu: berehalako etxebizitza duina, arreta eta zaintza egokia, eta erasotzaileei aurre egiteko sare kolektiboa aldarrikatuz.
Etxebizitza ezin da izan emakume langileok indarkeriara kondenatzen gaituen beste kateetako bat.