Supremazistak

Erabiltzailearen aurpegia Rikardo Idiakez

Oldar adina koldar dabiltzan horiek izan beharko dute, bai, arrazoi-pusketaren bat, ezta? Alegia, diotenean batzuok izan nahi dugula gehiago bestetzuk baino; zergatik-eta badugulako aho-senetik munduan pausatzeko zera bat. Eta, diote, eurek, horrek ez digula inor baino gehiago izateko eskubiderik ematen eta, ahor, arrazoiñoa: berez, izatez, alegia, ez gara-eta inor baino gehiago ez izan ezta izango ere.

Izatez ez baina bai, ordea, jakitez: eta esatez, ematez, aditzez, sentitzez eta egotez ere bai. Alegia, guri urteten jakuna badela nabarmen gehiago eurei urteten jakiena baino. Euskara bakarrik ez; Matematika da hori. Eta Filosofia, Fisika eta Giza Legea ere bai.

Tamalik ere ez dugu falta, ordea, eta tonto-harrotzeko joera ere ondo geurea izan dugu boladetan, herriko plazan ezelako sasikristauen erdarei diosalean, geureari zakur-makur.

Baina, heretikook pausoa libratzera goaz eta ze demonio: infernuko deabruak ere ez du egundo epairik ebatziko bide xuxenetik goazela ukatuko digunik. Gure aitak zioen eran, "aittu ondo belarritik" esatean entzungorrarenak egitea adinakoa izango ahal da bi belarrietatik entzuten asmatzea.

Bihar bertan sartuko gara alaba eta biok igogailuan eta bakarren batek galdetuko dio txikiari ea katuak mingaina jan dion. Hark begiradarekin erantzungo dio. Eta nik alabari esango diot ezetz, mingaina eta mundua ederki asko dantzatzen dituela. Eta orduan bai, denok egongo gara parez pare: hiru supremazista, hiru egoskor, zein baino zein.