ARGAZKI ZAHARRA

Pilota partida historikoa: bikotea hirukotearen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Alex Turrillas Aranzeta 2026ko apirilaren 27a

Indalecio Ojanguren eibartarrarena da 1930eko uztailaren 31n, San Inazio egunean, Euskal Jolas frontoian jokatutako pilota partidari dagokion argazkia.

Mariano Juaristi Atano III.a-k eta Juan Bautista Azcarate Mondragones-ek osatutako bikotea Casimiro Zabalak, Pablo Elguezabal Kirru-k eta Justo Juaristi Artazo-k osatutako hirukotearen aurka lehiatu zen bertan; bikoteak irabazi zuen (22-18). Bistan dago jendetza batu zela ekitaldian. Ikusleen artean, lehen planoan, erdian, mikelete bikote bat ageri da, eta pixka bat eskuinerago, bi apaiz. Kantxaren amaieran eta albo batean, berriz, apustu artekariak ikus ditzakegu.

Frontoia 1897an inauguratu zuten. Hasieran, zumardira irekia zegoen eskuinean, artean ez baitzegoen gaur egun eremua ixten duen etxebizitza blokerik. 1947ko maiatzean, Udalak Gipuzkoako Gobernu Zibilarekin negoziatu zuen lurrak Obra Sindical del Hogar erakundeari lagatzea, Grupo San Roque izeneko etxebizitza babestuen multzoa eraikitzeko.