ARGAZKI ZAHARRA

Itziarko gainetik santutegira

Erabiltzailearen aurpegia Alex Turrillas Aranzeta 2026ko uztailaren 21a

XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran egindako argazki zahar horrek Itziarko gaina erakusten digu, gaur egun N-634 errepideko biribilgunea dagoen lekua.

Bertan, hiru diligentzia gurutzatzen dira, eta jende asko dago haien inguruan bilduta. Herrira igotzen den bidea herrigunerako eta santutegirako sarbide nagusia zen garai hartan, eta gaur egun Donejakue bideko erromesek erabiltzen dute.

Herrigunera eta santutegira Itziarko gainetik sartzeko gaur egungo errepidea 1928an eraiki zuen Aldundiak, Deba, Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Zumaia eta Mutrikuko alkateek eskatuta, eta Lehen Mailako Auzo-Bide izendatu zuten.

Aldundiko ingeniariak berrogei mila pezetan baloratu zuen obra. Ordainketa hiru zati berdinetan egin zen, Diputazioaren, Debako Udalaren eta Itziarko Ama Birjinarekiko debozioa zuen ongile anonimo baten artean. Operazio hartan zerikusi handia izan zuen garai hartan Itziarko parroko zen Francisco Manterola Odriozolak; gerora egiaztatu bezala, harri azpitik ere atera baitzuen dirua. Bitxia bada ere, kontratuan Aldundiak zehazten zuen mantentze eta kontserbazio lanak Debako Udalaren ardurapean geratuko zirela.