Dokumentu garrantzitsua da, ez bertan agertzen diren pertsonengatik soilik, atzealdean ikus daitekeenagatik baizik, hori guztia ez baita gaur egun existitzen; bizitzan dena erabat efimeroa dela erakusten du, hortaz, irudiak.
Atzealdean, eskuinean, Urasandi dorretxe handi eta historikoa ikusten dugu, 1989ko abenduan desagertua, sute baten ondorioz. Iraganean, bere kaia eta ontziola propioak izan zituen, eta jabeen itsasontziek Atlantikoko urak zeharkatu zituzten, Ternuara iritsi eta balea-kanpainak egiteko. Donostiako Euskal Itsas Museoak bere ate nagusiko ateburu zoragarri bat dauka; hareharriz zizelkatuta, itsasontzi famatu haietako bat erakusten du.
Dorretxearen ezkerrean, Casa Cuartel (Kuartel Etxea) deritzona agertzen da; Guardia Zibilaren kuartela izan zen, 40ko hamarkadara arte, eta, ondoren, Debako familia ezagunen bizitoki bihurtu zen. Ezker-muturrean, berriz, Patirki Astigarragaren marmoldegia bistaratzen da –Astigarragak Mexikora emigratzeko utzi zuen jaioterria–.
Marmoldegiaren eta Kuartel Etxearen artean, atzealdean, Txokorrekua baserria zegoen –zuhaitz batek tapatzen du irudian–. Lehen aipatutako etxeak bezalaxe, hura ere kiskalita gelditu zen 1989ko sutean.
Argazkiko gazte taldetik denak identifikatu ahal izan ditut, ezkerreko hiru mutilak izan ezik. Haien alboan, atzean, Ignacio Galarraga, Peli Iriondo Zesterokua, Anton Iriondo Patxi eta Ramon Egaña Pititi azaltzen dira.
Zutik dauden neskak: Blanca Esnaola, Iciar Mugica, Begoña Arostegui, Maritxu Jaureguizar, Ane Arostegui eta Asun Iriondo Buruzuri; eserita: Elena Urcaregui eta Itziar Egaña Millan; eta haien ondoan, makurtuta, Iñaki Iriondo Zesterokua.
Aipatutako jantzi lehiaketa Ignacio Galarragak eta Begoña Arosteguik irabazi zuten. Bizitzako kontuak… urte gutxira ezkondu zen bikotea.