Gabolatseko zubi berria ipintzeko lanak aprobetxatuz, ingurak ere txukuntzen ari da Soraluzeko Udala: landaketak egin dira SAPAko barruko harmailan zein ibai aldean eta SAPA eta Baltegieta 22 bitarteko galtzada-harri birjartzen dihardu azken hilabeteotan.
Galtzada-harri zaharrak kendu dituzte beharginek, eta hormigoizko lurzorua jarri dute dagoeneko. Azken fase honetan, galtzada-harri berria jartzen hasiko dira.
Lanen eragina
SAPA eta Baltegieta 22 bitarteko galtzada-harria birjartzeko lanak direla-eta, datorren eguenetik aurrera, urtarrilak 15, ezingo da Baltegieta 18 eta 24ko garaje pribaturik erabili hilabete inguruz. Hortaz, eguen goizeko 7:00etarako garajeetatik aterata egon beharko dira ibilgailuak. Lanok eragiten ari diren eragozpenen jakitun, SAPAko aterpea aparkaleku gisa egokitu da eta erabilgarri egongo da lanak amaitu bitartean.
Horretaz gain, Gabolatseko zubia ere ibilgailuentzako itxiko da berriz; oinezkoak, ostera, igaro ahal izango dira Gabolatseko zubitik. Halaber, lanek iraun bitartean, SAPAko aterpetik igarobidea izango dute oinezkoek.
Garaje pribatuen aldetik hasiko dira beharginak galtzada-harri berriak ipintzen, eta SAPA aldean amaituko dute; hortaz, SAPAko aterpeko behin-behineko aparkalekurako sarrera-irteerak erabilgarri egoteari uzten dionean, lanak puntu horretara iritsi direlako, garaje pribatuak erabilgarri egotera igaro ahal izango dira.
Lanen bilakaeraren arabera, neurri berriak aztertuko ditu udalak eta hauek aldatzen diren heinean jakinaraziko zaie herritarrei udalaren ohiko komunikazio kanalen bidez.
Udala herritarrekin eskertuta
Soraluzeko Udalak bere esker ona azaldu nahi die herritarrei herriko hainbat puntutan egiten ari diren lanek azken hilabeteotan sortutako traba eta eraginen aurrean erakutsitako jarrera ulerkorragatik.