Soraluzeko Hezkuntza Proiektuaren baitan kokatzen den hezkuntza ez formalari lotutako egitasmoa da Aisialdia Elkarrekin. Iazko ikasturtean eman zituen lehenbiziko pausoak egitasmoak eta aurtengoan berriz ikasturte osorako plangintza osatu dute. Lan-taldeko kide dira Atxolin eta Keixeta guraso elkarteak, Kukumixo Aisialdi taldea, Pil-Pilean Euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Udala eta elkarrekin pentsatu, antolatu eta programatzen dituzte ekimenak eta gainontzeko eragileekin koordinatzen dute eskaintza.
Aisialdian ere, balioetan heztea
Ume eta nerabeak heztea herri osoaren zeregina dela ulertuta, herriko eragileekin elkarlanean sortzen dituzte ekimenak, batzuetan familiarekin parte hartzekoak direnak eta beste batzuetan heldurik gabe aritzekoak. Horrekin batera, herriko ospakizunak indartzeko eta herriko kultur ondarea ezagutzera emateko lanetan ere ari dira. Eta guzti hori balio batzuen inguruan ardaztu dute: euskara erdigunean jarrita, belaunaldien arteko harremanak sustatuta, naturan eta bertako elementuekin jardunez eta genero ikuspegia kontuan izanda.
Datozen asteetan, eskaintza zabala
Udazkenetik datozen ekimenek segida izango dute datozen hilabeteetan; hala nola, “Zinema euskaraz” zikloko emanaldiek. Ikuskizunak ere izango dira: Porrotx eta Marimototsen Amazonia gara urtarrilaren 23an 17:00etan Herri Antzokian (sarrerak eskuragai daude liburutegian dagoeneko; online salmenta urtarrilaren 19tik aurrera) eta Ekainen Txoua aurrerago.
Tailerrak antolatzen ere jarraituko dute, iazko arrakasta ikusita: Euskal Aratosteei lotutakoa eta zirko tailerra izango dira hurrengoak. Herriko baserri auzoetako parkeen eraberritzeari segida emango zaio eta zuhaitz landaketa eta beste jarduera batzuk antolatuko dira haietan. Horiez gain, negu garaian kiroldegiko frontoia larunbatetan auzolanean irekitzeko proposamena egin diete herriko gurasoei, ume eta gaztetxoek aterpe bat izan dezaten jolaserako, eta datozen asteetan ekingo diote, familien artean txandak eginez. Jarduera bakoitzaren berri barrena.eus webguneko agendan, udaletxeko webgunean eta bestelako bideetatik emango dute.