Soraluzeko Udalak Emakume eta Gizonen arteko III. Berdintasun Planaren ebaluazioa egin du azken hilabeteotan eta aurrerantzean, IV. Berdintasun Plana prestatzeari ekingo dio. Egiteko horretan Farapi Kooperatiba aholkularitzaren laguntza izango du eta elkarlanean landuko dute herriko hainbat eragile eta norbanakorekin.
Prozesu hau aurrera eraman eta emaitza eraginkor eta errealak atera ahal izateko, ezinbestekoa da Udaleko langileen laguntza, arduradun politikoen inplikazioa eta herriko elkarte, eragile eta norbanakoen parte hartzea eta iritzia.
Hori dela eta, Udalak hainbat lan saio antolatuko ditu: lehengoa, udal langile eta ordezkari politikoekin; bigarrena, eragile feministekin; hirugarrena, Soraluzeko herri eragileekin (hezkuntza formal eta ez-formaleko komunitate kideekin, kirol eta kultura arloekin eta beste).
Martitzeneko hitzordua: emakumeekin
Bihar, martitzena, bilduko dira herriko emakume talde eta norbanako feministak IV. Berdintasun Planaren hasierako zirriborroa ezagutu eta kontrastatzeko; izan ere, denon artean zehaztu nahi dira IV. Berdintasun Planaren lehentasunak. .
Eguna: otsailak 3, martitzena
Lekua: Kalebarren, 8
Egueneko hitzordua: herri eragileekin
Otsailaren 5ean berriz, herri eragile ezberdinak (hezkuntza, kirol arloa, kultura arloa...) eta herritarrak izango dira gonbidatuak.
Eguna: otsailak 5, eguena
Lekua: Kalebarren, 8
Emakume eta gizonen arteko berdintasuna, denen artean eraiki beharreko gaia da; beraz, Udaletik prozesu honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu soraluzetarrak, guztion ekarpenak beharrezkoak eta interesgarriak direlako.