Soraluzeko Udalak basoberritze lanak gauzatu ditu bidegorriko zenbait partzeletan, Naturklima Fundazioarek emandako 44.831,53 euroko dirulaguntzari esker, ingurumenarekiko konpromisoa berretsiz. Guztira 1.859 zuhaitz autoktono landatu dira 29.744 m²-ko azaleran.
Espezie autoktonoen aniztasuna
Basoberritzeak espezie autoktono ugari biltzen ditu; hala nola pagoak, lizarrak, haritzak, urkiak, ezkiak, astigarrak, gereziondoak eta otsolizarrak. Aniztasun horrek nabarmen lagunduko du tokiko ekosistema leheneratzen eta inguruko biodibertsitatea handitzen.
Esku-hartze honek jarraipena ematen dio Soraluzeko Udalak bultzatutako Muskiritzu-Karakakte mendilerroan egindako diagnostiko integralari. Diagnostiko horretan eremuaren defizit ekologiko nagusiak, habitaten egoera eta baso autoktonoaren birsorkuntza errazteko beharra identifikatu ziren.

Zuhaitz Eguna asteburuan
Helburu berarekin, zapatu honetarako, otsailaren 28rako, Zuhaitz Eguna antolatu dute Soraluzeko Udaleko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak, herriko Soraluzeko Baso Biziak Elkarteak eta Lurgaia fundazioak, aurten, herriko hainbat eragilerekin (Gaztelekua, Atxolin eta Keixeta Guraso Elkarteak eta AEK) batera.
Bihar arte, otsailak 26, eguena, eman daiteke izena eta mezu elektroniko bat bidali beharko da info@lurgaia.org helbidera izen-abizenak, adina eta herria adieraziz; mezuaren gaian otsailak 28 Soraluze jarri behar da edo galdetegi hau betez zuzenean. Izena emateko azken eguna otsailaren 26a, eguena, izango da.
