Euskarazko irakurle taldea gaur, astelehena, martxoak 2, batuko da ikasturteko laugarren liburuaz aritzeko; Mariama Baren Hain gutun luzea eleberriaz, hain zuzen ere.
Taldeko kideak bi hilabetean behin elkartzen dira, irailetik maiatzera bitarte, aldiko liburu ezberdin bat lantzeko; guztira, euskaraz idatzitako zein euskarara itzulitako bost liburu irakurtzen dira. Ikasturtean birritan, gainera, aukeratutako liburuaren idazlea ere gonbidatzen dute saioetara.
Gaur gaurkoz, hogei lagun inguruk parte hartzen du euskarazko irakurle taldean; izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko udal liburutegiarekin harremanetan jarri behar da.
Gaurko hitzordua
Mariama Ba (Dakar, 1929) irakasle eta idazle feministaren libururik famatu eta azpimarragarriena da Hain gutun luzea (Edo!, 2015). Hain gutun luzeak alargundu berri den Ramatoulayeren konfidentziak batzen ditu Aissatou haurtzaroko lagunari idazten dion gutunean. Senegalgo tradizio sozial eta erlijiosoen aurrean sortzen ari den Afrikako anbizio feminista erakusten du.
Ekintza honekin hasiko da Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako programazioa.
Lekua: Udal liburutegia
Irakurle taldearen funtzionamendu egokia bermatzeko, udal liburutegia itxita egongo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Liburuak itzuli nahi izanez gero, Ludotekako atearen ondoan dagoen buzoia erabili daiteke; bestelako zerbitzurik, ordea, ez da emango.
