Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak apiriletik irailera bitarteko egitarau berria kaleatu du

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2026ko martxoaren 20a

Iazko_batukada_tailerrean
Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskolak, aurreko programazio guztien arrakastari jarraipena emanez, udaberri-udako programazioa iragarri du eta izena-emateko epea ireki du berrikuntza batzuekin gainera.

Soraluzeko Emakumeon* Ahalduntze Eskola topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako eta prestakuntzarako gune bat da, emakumeen* ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko helburua duena.

Aurreko programazioen arrakastaren ondoren, Ahalduntze Eskolak udaberri-udako egitaraua kaleratu berri du. Azken egitarauaren baitako ekintzen ostean, urtarrilean, egindako balorazio-topaketako ekarpenetatik abiatuta osatu du programaketa berria talde eragileak.  

Egitaraua aberatsa edizio honetan ere

Hauexek dira Ahalduntze Eskolak apiriletik irailera bitarte emakumeentzat* eskainiko dituen ikastaro eta tailerrak, laburrean:

  • Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa (2.edizioa)
  • Ongizate emozionala eta autozainketa
  • Hitzaldia: Jarduera fisikoa menopausian
  • Zineforum feminista: “Maspalomas”
  • Mendi irteerak
  • Batukada feminista tailerra 
  • Soraluzeko emakumeon* arteko topaketa

Egitarau guztia  HEMEN dago ikusgai eta datozen egunetan paperean etxez etxe ere banatuko da. Bertan ekintza guztien xehetasunak: eguna, ordua, hizkuntza eta lekua. Ekintza guztiak doakoak izango dira.

Ekimen arrakastatsuak zoru pelbikoarena eta batukada tailerrarena bezela, errepikatzea erabaki dira, emakumeen aldetik eskaera handia egon baita. 

Izen ematea martxan, berritasunekin 

Izen-ematea martxoaren 20tik  27ra arte egongo da zabalik; ikastaroak betetzen ez diren kasuetan, jarduera bakoitza hasi baino hiru egun lehenago amaituko da behin betiko izen-emate epea. Jarduera guztiek izango dute zaintza zerbitzua eta, beranduenez ere, ekintza baino hiru egun lehenago eskatu beharko da.

Edizio honetan, talde eragilearen proposamenez eta emakume* guztiek aukera berdintasuna izan dezaten, plaza kopurua baino izen ematea handiagoa den kasuetan zozketa egingo da. Zozketa martxoaren 31n izango da. Soraluzen bizi diren emakumeek* lehentasuna izango dute.

Izena emateko bi bide egongo dira:

  • Online, ondorengo galdetegia betez: izen-ematea

  • Aurrez aurre, udal bulegoetan astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Izen-emate prozesuan laguntza behar izanez gero, edo jardueraren bati buruzko informazio gehigarria nahi izanez gero 943753043 telefonora deituta edo harrera@soraluze.eus helbidera idatzita lor daiteke.