Elgoibar, Bergara eta Soraluze artean kokatzen den Dolmenen Ibilbidean egindako indusketa arkeologikoetan aurkitutako materialak hiru udalerrietan erakusgai jarri dira lehen aldiz. Ekimen honek eskualdeko ondare megalitikoa herritarrengana
hurbiltzea eta historiaurreko ondarea balioan jartzea du helburu. Elgoibarren eta Bergaran ikusgai egon ondoren, apirilaren 27tik maiatzaren 9ra bitartean zabalik egongo da erakusketa Soraluzen.
- Tokia: Kiroldegiko erakusketa gelan.
- Ordutegia: Astegunetan 18:30etik 20:00etara eta larunbatetan 12:00etatik 13:30era.
Hitzaldia eta bisita gidatua, apirilaren 29an
Erakusketarekin batera, egitarau berezia prestatu da. JendartEKIN proiektuaren baitan, hitzaldia eta bisita gidatua antolatu dira apirilaren 29rako. Jesus Tapia arkelogoaren eskutik jasoko dute bertaratutakoek hitzaldia eta ondoren erakusketara bisita gidatua egingo da. Herritar guztiei irekia egongo da eta euskaraz izango da ekimena.
- Tokia: Tolarekua Aretoan
- Noiz: Apirilaren 29an, asteazkena, 10:00etan

Dokumentala eta bisita gidatua, apirilaren 30ean Soraluzen
Egitarau bereziaren baitan apirilaren 30ean, ostegunean, arratsaldeko 19:30etan, Herri Antzokian ikus-entzunezko bat izango da. Proiektatuko den dokumentalak dolmenen ibilbidean parte hartu duten herritarren testigantzak biltzen ditu. Proiekzioaren ondoren, Jesus Tapia arkeologoak bisita gidatua eskainiko du erakusketa gelan eta bertaratuek ikerketako materialak gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
- Tokia: Herri Antzokian
- Noiz: Apirilaren 30ean, osteguna, 19:30ean
Balio handiko aurkikuntza arkeologikoak
Dolmenen Ibilbideko monumentu megalitikoetan egindako indusketek balio handiko aztarnak azaleratu dituzte. Aurkitutako piezek historiaurreko komunitateen bizimoduari buruzko informazio baliotsua eskaintzen dute: haien elikadura, teknologia, beste komunitateekin izandako harremanak eta ohiturak. Ikerketa-lanen barruan aztertutako material horiek Gordailutik atera eta lehen aldiz jarri dira publikoaren aurrean; Elgoibarren eta Bergaran ikusi ahal izan dira dagoeneko, eta orain Soraluzen ikusgai jarriko dira.
Historiaurreko ondarea ezagutzeko ibilbidea
Dolmenen Ibilbidea ibilbide historiko-naturala da, Elgoibar, Bergara eta Soraluze lotzen dituena. Mendiaren gainetik doan bideak historiaurreko aztarnak —dolmenak, tumuluak eta bestelako monumentu megalitikoak— paisaia ikusgarriekin uztartzen ditu.
Behar bezala seinaleztatuta dagoenez, bisitariek monumentu megalitikoak erraz aurkitu ditzakete, naturaz gozatu eta eskualdeko historiaurreko ondarea ezagutu bitartean.
Horrekin batera, maiatzaren 2an mendi gainean antolatu da bisita gidatua (gaztelaniaz). Izena emateko online egin daiteke galdetegi hau betez.
