Asteburu honetan, zapatuan eta domekan, hainbat ekimen izango dira herrian: urteroko Ezoziko erromeria eguna egingo da bihar, ekainaren 13an, baina SoraGazteak Rugby Klubak antolatutako errugbi eguna ere; domekan, ekainaren 14an, ostera, Debarroko pilota txapelketako finalak egingo dira. Dantza, kirola, aisialdia eta umorea ez dira faltako, gustu guztietarako eskaintza izango da.
Erromerixa eguna
Urrats dantza taldeak, Diadar elkarteak eta Galtzagorrixak jai batzordeak XVII. bider antolatu du aurten Ezoziko erromerixa eguna.
Eguardi partean hasi eta iluntzera arte izango dute Ezozira hurbiltzen direnek jan-edanaz, plaza dantzez, erromeriaz, larrain dantzaz eta bolo jokuaz disfrutatzeko parada.

Errugbi Eguna
SoraGazteak Rugby Klubak zazpigarrenez ospatuko du Errugbi Eguna zapatuan, ekainaren 13an.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabatik etorritako sei taldek eta 200 jokalari inguruk parte hartuko du topaketan. 10:00etatik aurrera jardungo dute errugbian Ezoziko zelaian; partidez gain, musikak eta jolasek ere girotuko dute eguna.

Debarroko pilota txapelketa
Soraluzeko Pelota Elkarteak, berriz, LXXVII. Debarroko pilota txapelketako finalak antolatu ditu domeka goizerako, ekainak 14, 11:00tatik aurrera. Kadete, jubenil eta nagusi mailako pilotariek parte hartuko dute partidetan eta Eibar, Aretxabaleta, Bergara eta Antzuolako jokalariak izango dira.
