Hainbat obra eta lan martxan izango dira herrian abuztuan zehar

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala 2026ko uztailaren 30a

Hainbat obra eta lan martxan izango dira herrian abuztuan zehar; hala nola, Plaza Zaharreko obra, Txurrukeneko obra edo Baltegietako galtzada-harriak birjartzeko lanak.

Soraluzeko puntu ugaritan egiten ari diren hainbat obra eta lanek martxan jarraituko dute abuztuan ere. 

Erdiguneko oinezkoen eremua

Zubi Nagusian, oinezkoen eremuaren sarreran, totemaren instalazioa egin zuen atzo, uztailak 29, Nortrafic enpresak; totemaren helburua da herriaren erdigunea oinezkoentzako bakarrik egokitzea ordutegi jakin batzuetan. Datozen egunetan sistema berria probatzen jardungo dute beharginek eta ondoren, abuztuan, seinalizazio bertikala jarriko du udal brigadak. 

Abuztuaren amaieran jarri ahal izango da martxan peatonalizazio sistema berria.

Baltegietako galtzada-harria birjartzea

Azken hilabeteotan galtzada-harria birjartzeko lanetan aritu dira Baltegietan; behar bezala geratu ez zen eremuan galtzada-harriak jaso eta berriz morteroarekin jarriko dituzte Echaide enpresako langileek abuztuaren 17tik aurrera. Garaje pribatuen aldetik hasiko dira lanak.

Lanak behar bezala garatzeko, garaje pribatuetatik ibilgailuak atera beharko dira abuztuaren 17ko goizeko 8:00tarako. Galtzada-harri birjartzeko lanek iraun bitartean ezingo dira garajeak erabili.

Txurrukeneko lanak

Txurrukeneko urbanizazio lanak hasita daude dagoeneko, Asfaltos y Construcciones Morga ari da haietaz arduratzen. Harrizko petrila eraitsi dute dagoeneko eta hondarrak batzen ari dira; esparrua txukundu eta zintarria eraikitzean egingo dute beharginek udako atsedena. Ondoren, irailean berrekingo diete lanei.

Plaza Zaharreko lanak

Datorren astean, martitzenetik aurrera, abuztuak 4, hasiko dira Plaza Zaharreko gradak ezartzen. Jarraian, oporrak hartuko dituzte langileek eta irailean itzuliko dira lanera.

Aurreikuspenen arabera, urrian amaituko dute Plaza Zaharreko gradak ezartzeko lanekin.

Futbol zelaiko belarra aldatzea

Abuztuaren 12tik aurrera hasiko dira Ezozi futbol zelaiko belarra aldatzeko lanak. Oraingo belarra kendu, eremua ureztatu, belar berria ipini eta futbol zelaiko ekipamenduak berrezarriko dituzte langileek.

Aurreikusten da irailaren 21erako amaituta izango direla lanak.