Gaba Baltza ate joka aurten ere

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Zapatu honetan, urriaren 31n ospatuko da Gaba Baltza "Aisialdia elkarrekin" lan-taldeak elkarlanean antolatutako egitarauarekin; arratsaldeko 18:30etatik aurrera hasiko da jaia ibilbide misteriotsuarekin.

Zapatuan, urriaren 31an, ospatuko da Gaba Baltza herrigunean. Joan den domekan hasi ziren prestaketak tailerrekin, baina ekimen nagusia zapatuan egingo da, urriko azken egunean; izaera komunitarioa, euskalduna eta naturarekiko lotura indartzea helburu dituen egitarau berezi batekin. Garai batean ohitura zen moduan, gure hildakoekin gogoratu, naturarekin bat egin eta beldurrak eta barreak elkarrekin nahastea da xedea.

Egunaren prestaketan Aisialdia elkarrekin lan-taldea aritu da buru-belarri. Herriko hainbat eragilek elkarlanean antolatu dute: besteak beste, Pil-Pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Kukumixo Aisialdi Taldeak, Parrandan Ludotekak, Gaztelekuak, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek, Plaentxi Herri Eskolak, Soraluzeko Dantza Eskolak, Soraluzeko Musika Eskolak eta Soraluzeko Udalak.

Egitarauaren xehetasunak

Arratsaldetik hasita, hainbat ekintza antolatu dira haur, gaztetxo eta familientzat. Arratsaldeko 18:30ean hasiko da ibilbide misteriotsu ez-beldurgarria Plaza Barrixan. Iaz eta joan den domekako tailerretan egindako apaingarriekin atonduta egongo da ibilbidea eta bertan, hainbat ezustekoz gozatzeko aukera egongo da. Beldurrak eta kezkak sutan errez eta gaztainak janez emango zaio amaiera ibilbideari.

Ondoren, denda eta tabernetan eskean ibiltzeko tarte librea izango da, eta egitarauari amaiera emango zaio Lekittoko Deabruen Mingorri pirotekniadun antzerki-ikuskizunarekin.

Etxeko trapu zaharrekin mozorro beldurgarriak

Antolakuntzak herriko haur eta gaztetxoak animatu nahi ditu beraiek sortutako mozorroak janztera, baita gurasoak ere, etxeko trapu zaharrekin mozorroak sortzera. Mozorro eta makillaje aukera ezberdinak herritarren eskuragarri ipini dituzte antolatzaileek, dokumentu honetan.

Gaba Baltzeko egitaraua eta bideoa

Honakoa izango da egitaraua:

  • 18:30 ibilbide misteriotsua, Plaza Barritik hasita.
  • Bukaeran, sua, kantua, gaztaina jana…Plaza Barrixan.
  • 19:30 denda eta tabernetan eskean aritzeko tarte librea.
  • 20:30 Lekittoko Deabruak taldearen Mingorri ikuskizun piroteknikoa, Plaza Barritik hasita.

Antolatzaileek bideo honetan bildu dituzte, eguneko nondik norakoak eta baita elkarrekin abestuko duten kantua: Badator... Gaba Baltza

Segurtasun gomendioak

Lekittoko Deabruen Akelarre kale-antzerkiaz gozatzeko hainbat aukera egongo da: su azpian jolas egin ahalko da edo ikuskizuna aldamenetik ikusi.

Ikuskizunean parte hartzen ibili nahi duenak, pirotekniaren azpian, alegia, arropa egokia eramatea gomendatzen da (arropa zaharrak, txanoa, arropa bakeroa, praka luzeak, zapia…). Horretaz gain, Zubi Nagusiko, Kalebarreneko eta Plaza Zaharreko bizilagunei 20:00-22:00ak bitartean eskegitako arropak kentzea eta leihoak ixtea gomendatzen zaie.

Su azpian ibili nahi ez duenarentzat, ikuskizuna segurtasunez ikusteko surik gabeko hiru gune eskainiko dira: Kontzejupea, Plaza Barriko iturri gaina eta Plaza Zaharreko arbolapea.