Udaleko Kultura Batzordeak antolatzen duen Antzerki Garaia zikloaren barruan, Tartean teatroa antzerki konpainiak Kandida antzezlana taularatuko du azaroaren 6an, barixakua, arratsaldeko 20:00etan, Herri Antzokian, euskaraz. Euskal kultur eszenako punta-puntako bost antzezlan herrira ekarriko dituen antzerki zikloaren baitan kokatzen dira antzezlan hauek; urritik urtarrilera bitarte eskainiko dira antzezlanak, barixakutan Herri Antzokian.
Sinopsia eta fitxa teknikoa
Klara Balzes idazle gazteak, bere lehen nobela idatzi du: “Kandida”, etxegabetu bati buruzko istorio bat. Kandida fikziozko pertsonaia da, baina benetako pertsona batean oinarrituta dago. Klarak benetako persona hura, Manuela, desahuziatuen aldeko elkarte batean ezagutu zuen. Nobelan, Klarak bere etxean jasoko du Kandida. Errealitatean, Klarak Manuelaren arrastoa galdu zuen betirako. Nobela argitaratzen den egunean, Manuela Klararen etxean agertuko da. Eta nobelan egin duen gauza bera egiteko eskatuko dio gazteari: bere etxean jasotzea.
- Zuzendaritza: Patxo Telleria
- Antzezleak: Miren Gaztañaga, Nerea Mazo eta Mikel Martinez
- Musika: Adrián García de los Ojos
- Eszenografia: Ikerne Gimenez eta Igone Teso
Prezioa: 10 euro
Sarrerak aurrez zein egunean bertan
Sarrera eskuratzeko bi bide egongo dira:
- Online: bibe.me atariaren bidez: Kandida
- Aurrez aurre:
- Udal liburutegian, astelehenetik eguenera 11:00 - 13:00 eta 16:30-19:30; barixakutan 11:00 - 13:00.
- Txarteldegian, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago.