Blues Hotsak izeneko jaialdia antolatu du azaroaren 16tik 22ra zortzigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak, jazza, bluesa eta musika beltza, orokorrean, ezagutarazteko helburuarekin. Joan den domekatik datorren domekara, bluesaren bueltako hainbat jarduera antolatu dira: musika emanaldiak, solasaldi literarioa, filma, harmonika ikastaroak eta kontzertu gastronomikoak.
Errabal Kultur Elkarteak herriko kultur eragileen saretze handia egin du aurten ere Blues Hotsak jaialdiaren antolakuntzan, eta hori du oinarri egitarauak.
Proposamen ugari eta denetarikoak izango dira, asko doakoak, gainera. Errabal Kultur Elkarteak nabarmendu nahi du ekintzen doakotasuna, blues, jazz eta horrelako musika beltzak herritar guztiegana irits daitezen bermatzen baitu.
Emanaldi guztien xehetasun eta nondik norakoak ezagutu zein sarrerak eskuratzeko Blues Hotsaken webgunea kontsulta daiteke.
Frankenstein doktoreari gutuna
Blues Hotsak jaialdia Ana Galarraga eta Pettiren Frankenstein agurgarria gutun musikatuari buruzko tertulia literarioarekin estreinatuko da gaur, astelehena, azaroak 16. Saio irekia izango da gaurkoa eta antolatzaileek soraluzetarrak animatu nahi dituzte bertan parte hartu eta euskarazko irakurle taldea bertatik bertara ezagutzera.
Lekua: Kalebarren 8

Eguenean, azaroaren 19an, ostera, Frankenstein agurgarriaren zuzeneko ikuskizun literario musikatua eskainiko dute Ana Galarraga idazleak eta Petti musikariak. Mary Shellyren Frankenstein eleberritik abiatuta, Victor Frankenstein pertsonaiari bidalitako gutun musikatuaren errezitaldi musikatua izango da, hitzak eta kantuak uztartuta, eszenaratze performatibo sotil eta iradokitzaile baten bidez.
Lekua: Herri Antzokia

Eguaztenean zinema
Eguaztenean, azaroaren 18an, The Commitments filma eskainiko da Herri antzokia, 80ko hamarkadako Irlandan girotutako pelikula, hain zuzen ere.
Sinopsia
Jimmy Rabbitte mundu osoko musika taldearen onenaren kudeatzailea izatea amets duen gizon bat da, buruan musika bat besterik ez duelarik: soula. Irlandako betiko rock, folk, pop eta punk musika taldeekin nazkaturik Otis Redding, Aretha Franklin edota Wilson Pickett abeslarien gisako musika moldatu eta abesten duen talde bat osatu nahi du. Horretarako Dublingo Iparraldeko langile auzoetan hogeiren bat soul kasete banatu eta bere gurasoen etxean auzotar taldea osatuko luketen hautagai gazteei audizioak egin dizkie. Halere, eta Irlanda izanik, bere idoloen taldeak ez bezala, soul talde osoki zuria osatzea lortuko du.
Lekua: Herri Antzokia
