Musika beltzaren erritmoz zipriztinduko da Soraluze asteburuan, barixakutik domekara

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Musika beltzaren erritmoz zipriztinduko da Soraluze asteburuan, barixakutik domekara; harmonika ikastaroak, dolmenen ibilbidera irteera eta kontzertu ugari izango dira azaroaren 20tik 22ra bitarte.

Blues Hotsak jaialdia antolatu du zortzigarren urtez jarraian Errabal Kultur Elkarteak jazza, bluesa eta musika beltza ezagutarazteko helburuarekin. Programatutako ekintza ugarien artean daude astebururako jarduerak: gazte eta helduentzako harmonika ikastaroak, Musika Eskolako konboa, Dr. Feelgood, Joan Pau Cumellas, Paul San Martin & Romain Gratalon, Derobert & The Half Truths, Sweet Martha & The Blues Shakers, dolmenen ibilbidera irteera, The Ubangi Stomp, La Perra Blanco eta Barrence Whitfield & MFC Chicken.

Herriko musikariek, gertukoek eta urrunagotik etorritakoek, guztiek izango dute lekua Blues Hotsaken azken edizioan.

Harmonika tailerra

Joan Pau Cumellas harmonika-jole katalanak maila guztientzako irekia izango den gazte zein helduentzako tailer bana eskainiko du barixakuan eta zapatuan, azaroaren 20an eta 21ean, hurrenez hurren. Bluesetik abiatuta, melodiak, inprobisazioa eta interpretazioa hobetzeko teknikak ikasiko dituzte parte-hartzaileek. Hori guztia ikuspegi praktiko batekin, aldez aurreko ezagutzarik izan beharrik gabe eta jaialdiko jam sessionean parte hartzeko aukerarekin. Ikasten, jotzen eta harmonikaren grina konpartitzen gozatzeko hitzordua izango da zapatukoa.

Harmonika muga harrigarrietara eramaten duen musikaria da Cumellas. Bluesa, jazza edo bluegrassa bezalako estiloak konbinatzeko gai da teknika paregabearekin eta harmonika metodoak sortzeak, eskoletarako kontzertu didaktikoak zein jaialdietarako tailerrak eta mundu osoko ikasleentzako ikastaroak emateak prestigio handia eman diote.

Gazteentzako tailerra
Eguna: azaroak 20, barixakua
Ordua: 17:00

Lekua: Gaztelekua

Helduentzako tailerra
Eguna: azaroak 21, zapatua
Ordua: 10:00 - 12:30 eta 16:00 - 18:00

Lekua: Kalebarren 8

Gustu guztietarako kontzertuak herrigunean

Barixakua, azaroak 20

Dr. Feelgood talde ingelesak emango dio hasiera asteburuko kontzertuei gaur iluntzean, azaroak 20, Herri Antzokian. 

Dr. Feelgood rock talde ingelesak 1971n hasi zuen bere ibilaldia Lee Brilleaux (Lee Collinson, 1952-1994) abeslari eta konpositorearen eta Wilko Johnson kitarjolearen eskutik (John Wilkinson, 1950). Zuzeneko bikainez nabarmendu ziren berehala Brilleauxen erakusketa eszenikoa eta Johnsonen kitar nekagaitz eta indartsua zituztela, oso ezagunak egin ziren pub eta areto txikien zirkuituan.

Zapatua, azaroak 21

Musika Eskola konboarekin hasiko dira zapatuko, azaroaren 21eko, kontzertuak. Jarraian, eguardi partean Joan Pau Cumellas, Paul San Martin & Romain Gratalon harmonikaren maisuek eguardian herriko kaleak alaituko dituzte, Etxaburuetan eskainiko duten doako kontzertuan.

DeRobert & The Half-Truths bandak Nashvillen du egoitza. Soul eta funk gordina egiten du Memphisen jaiotako DeRobert Adams abeslaria eta Nick DeVan bateria eta ekoizlea buru dituztela. Ahots zakarra nahasten dutelako dira ezagunak; izan ere, gospelaren eragina dute. Zapatu iluntzean eskainiko dute kontzertua Herri Antzokian.

Sweet Martha & The Blues Shakers taldeak biribilduko du musikaz betetako zapatua Gaztetxean. Bartzelonako blues talde ospetsua da, klasiko afromerikarraren benetako interpretazioengatik eta zuzeneko emanaldi indartsuengatik ezaguna. Soinu indartsua du, eta bluesaren hainbat azpigenero biltzen ditu, hala nola Texasko bluesa, Chicagokoa, Mendebaldeko Kostakoa eta funk bluesa. 

 

 

Domeka, azaroak 22

Dolmenen ibilbidera irteerarekin hasiko da domeka goiza, azaroaren 22a, eta ondoren, eguardia aldean, 12:30etik aurrera, herrigunera iritsiko da musika kontzertu gastronomikoetara. 2025eko jaialdiko berritasuna izan ziren kontzertu gastronomikoak: herriguneko tabernetan blues musika oinarri zuten pintxoak dastatu ahal izan zituzten dozenaka pertsonak, kontzertuez gozatu bitartean. Ekintza oso arrakastatsua izan zenez gero, aurten ere formatu bera errepikatuko da Txoko, Arrano, Bolia, Edurtza, Txuritxu eta Casa del Pueblon. The Ubangi Stomp eta La Perra Blanco taldeek girotuko dituzte kaleak Santa Ana eta Plaza Zaharrean, hurrenez hurren.

 Jaialdiari amaiera emango diote Barrence Whitfield & MFC Chicken. Barrence Whitfield artista basati eta indartsua da, 40 urte baino gehiago daramatza ahots-interpretazio leherkorrak eskaintzen, eta aktibo eta sasoi betean geratzen zaigun azken shouterretako bat da. The Savages taldearekin zein bakarka, Barrencek dena ematen du, eta, orain, MFC Chicken frat rock and roll talde bikainaren laguntza du, Barrenceren lehen garaietako errepertorioa errepasatuko baitute, The Savagesekin batera hasi zuenekoa.