IRAKASLEEN GREBA

Mallabiko irakasleen kexa: "Ez dira gurea bezalako eskola txikien beharrak kontutan hartzen"

Ander Gomez 2025eko maiatzaren 7a

Irakasleak gaurko elkarretaratzean. Argazkia: Igone Amesti.

Datorren asteko bost eguneko grebari lotuta, Mallabiko irakasleek elkarretaratzea egin dute gaur goizean eskolako atean, "Hezkuntza publikoan lan-baldintzak hobetu" lemapean.

Astelehenetik ostiralerako greba deialdia eta zapatu honetako EAEko hiriburuetako mobilizazioen aurretik, elkarretaratzea egin dute Mallabiko Learreta-Markina eskolako irakasleek, greba deialdiarekin eta sindikatuek zabaldutako manifestuan esandakoarekin (irakurri hemen) bat egiten dutela adieraziz. Azaldu dutenez, eskolan "baliabide pertsonal falta" eta hortaz "lan-karga gehiegi" dago. Horrez gain, eskola txikia izanik, dauzkaten aparteko ezaugarri eta berezitasunak "sarritan ez direla kontutan izaten" salatu dute.

Aurreko grebek %100eko jarraipena izan dute Mallabian, zerbitzu minimoak mantenduta. Datorren asteko jarraipena berdina izatea espero den arren, egunean bertan argitaratuko dira datu ofizialak —bai Mallabikoak, bai Ermukoak— Drogetenitturri.eus atarian.