Atzo goizean, Gabonetako kantujira egin zuten Learreta-Markina eskolako umeek. Pandero eta trikiti doinuen erritmora jaitsi ziren herrira, haurreskolan eginez lehen geldiunetxoa. Udaletxetik eta farmaziatik pasatu ostean, parkera ailegatu eta dantzaldi ederra eskaini zuten bertan. Menditik entzun omen zituzten Olentzerok eta Mari Domingik eta, eskolara bueltatzean, hantxe topatu zituzten. Baina ez zeuden bakarrik: gonbidatu bereziarekin egin zuten aurtengo gutun batzea, Napo astoarekin.