Barikuan zabalduko dute 7 Pago lasterketarako izen-ematea

Ander Gomez 2025eko abenduaren 30a

2025eko irteera, Mallabiko herrigunetik. Argazkia: Xabier Agirre.

Mallabiko mendi lasterketak hirugarren edizioa ospatuko du 2026an. Maiatzean jokatuko da, baina urte hasierarekin batera zabalduko dira inskripzioak.

Maiatzaren 23an burutuko da 7 Pago mendi lasterketa Mallabian, eta aurten ere Durangaldeko Koparen lehen lasterketa izango da. Aurrekoetan bezala, lasterkariek bi ibilbide izango dituzte aukeran: luzea, 25 kilometro eta 1.400 metroko desnibel positiboarekin; eta laburra, 16 kilometro eta 750 metroko desnibel positiboa izango dituena. Inskripzioek 25 eta 20 euroko kostua izango dituzte hurrenez hurren, eta urtarrilaren 2tik aurrera egin ahalko dira Kronoak plataformaren bitartez (hemen).

400 plaza eta saria errekorra hausten dutenentzat 

Hirugarren edizio honetarako hainbat berritasun iragarri dituzte Zazpi Pago Elkarteko antolatzaileek. Alde batetik, parte-hartzea handitzeko apustua egin dute. Iaz 200 dortsal banatu ziren lasterketa luzean eta 150 dortsal laburrean. Aurten, berrehuna dortsal eskainiko dituzte bietan.
Horrez gain, sari berria egongo da: aurreko edizioetan ezarritako marka ofizialak hausten dituzten korrikalariek 100 euroko dirusaria jasoko dute. Emakumezkoen kategorian, Nora Narbaiza zaldibartarrak lasterketa luzeko markarik onena egin du 2025ean (2:51:41); laburrean, ordea, inork ez du Garazi Sampedro atxondoarrak lehengo edizioan egindakoa haustea lortu (1:40:27). Gizonezkoei dagokienez, Irazu Aranburu mallabitarrak irabazi ditu lasterketa luze biak, eta aurten 23 segundoan hobetu du aurreko marka (2:16:48); laburrean, Aitor Hernandez ermuarraren marka gainditu du aurten Xuban Muniozguren markinarrak (1:22:08).


Nora Narbaiza eta Irazu Aranburu Durangaldeko Kopako lider, II. edizioa irabazi eta lasterketa luzeko markarik onenak egin ostean. Argazkia: Xabier Agirre.