Urteak ziren Mallabian palazko modalitatean federaturik ez zegoela eta jokatzeko gogoak eta zaletasunari eusteko nahiak bultzatuta, euren izenak eman zituzten Jare Landa Solozabalek, Itsaso Pradera Olasok eta Naroa Martinez Altunak. Eskarmentu handiko pala jokalariak dira hirurak eta gogotsu ekin diote. Bikoteka aritzen dira aritu ere, baina hiruko taldea osatu dute partidetan txandakatzen joan ahal izateko.
Bizkaiko kluben arteko ligan jokatzeko beheko mailan hasi behar da, klub modura izena ematen denean beheko hirugarren maila horretan lehiatu beharra dago. Hirukote mallabitarrak partidaz partida finalera ailegatu zen eta irabazi ere. Horrek ekarri die datorren urtean bigarren mailan lehiatzeko aukera izatea.
Bestalde, Hiart Madariaga, Julen Barrainkua eta Jon Zalduegi mallabitarrek beste hirukote bat osatu dute aurten, gizonen pala kategorian lehiatzeko. Final zortziretan galdu zuten arren, play off moduko baten bigarren mailakoen azken sailkatuen kontra jokatu ostean, Lekeitiori irabazita sailkatu egin ziren eta datorren urtean mailaz igoko dute hauek ere.