Auzo-Taxiaren txartela berritzeko deia egin du udalak

Ander Gomez 2026ko urtarrilaren 14a

Mallabiko Udalak gogorarazi du auzoen eta herrigunearen arteko bidaiak egiteko taxi zerbitzua erabili nahi dutenek txartela berritu behar dutela. Udaletxean bertan eskatu daiteke, astegunetan, 08:00etatik 15:00etara bitartean. Argazkiak: Estibalitz González.

Urte aldaketarekin batera, Auzo-Taxiaren identifikazio txartelak iraungi dira. 2026an taxi zerbitzua erabiltzeko asmoa dutenek txartela eskatu edo berritu beharko dute. Udaletxera bertaratuta eskuratu daiteke, eta beharrezkoa izango da NANaren fotokopia eta gidabaimen tamainako argazki bat aurkeztea. Txartel berriak 2026ko abenduaren 31ra arteko balioa izango du.

Mallabiko taxia gurpildun aulkia erabiltzen duten pertsonentzat egokituta dago, eta edukierari dagokionez, zortzi herritar arte eraman ditzake bidaiari. Eguneratutako txartela dutenek bidaia erreserbatu dezakete 656 788 824 telefonora deituta, astelehenetik barikura 07:30etik 20:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 09:00etatik 14:00etara. Auzotik herrirako zein herritik auzoetarakok bidaiek 3 euroko kostua dute.