'Ez esan!' galdera-erantzun jokoaren denboraldi berria martxan

Ander Gomez 2026ko urtarrilaren 19a

2025ean jokatutako bigarren edizioko finalean. Argazkia: Lorea Arregi.

Mallabiaren eta mallabitarren inguruko jokoaren hirugarren edizioari ekin diote Berbalagunek.

2024an estreinatu zuten Ez esan! jokoa Mallabiko Berbalagunek; herritar guztiei irekitako lehiaketa. Ekimen horrekin, Mallabian euskara zabaltzen jarraitzeaz gain, herriko historia, kultura eta bestelako jakintzak ezagutaraztea dute helburu.

Urtarrilean hasi eta hilabetero, bost galdera botatzen zaizkie herritarrei, bakoitzean bi erantzun posible emanda. Guztiak zuzen erantzuten dituenak finalerako plaza irabazten du. Berdinketa egonez gero, zozketa bidez ematen da finalerako txartela. 

Galdera-orriak herriko dendetan, tabernetan, farmazian… jartzen dira eskuragarri. Liburutegiak posta elektronikoz ere bidaltzen ditu, Berbalagunek sareetan zabaltzen dituzte, eta, hemendik aurrera, BARRENA astekarian argitaratuko dira hilero. Galderak tokiko komertzioetan bertan erantzun eta entregatu daitezke fisikoki; bestela, telefonoz ere bidali daitezke, 663 07 04 92 zenbakira whatsapp mezu bat bidalita.

Finala, Mallabitarrok Egina jardueraren baitan

Ekainean bukatuko da lehiaketa, baina azken saioko galderak ez dituzte ohi bezala erantzungo: zuzeneko saioa antolatuko dute, Mallabitarrok Eginaren egitarauaren baitan. Iaz, inguruko ermitak ezagutzeko irteera egin zuten zapatu goiz baten, eta amaitutakoan, eguerdi aldera, parkean elkartu ziren. Uda sasoia izanik, giro ederrean jokatu zuten bigarren edizioko finala, Rober Rodriguez izan zen garaile eta opari-sorta jaso zuen sari.


Segidan, urtarrileko galdera-orria (egin klik handitu edo deskargatzeko):