Otsailaren 7an, zapatuan, parkean egingo den txitxiburduntziak irekiko du Mallabiko aratusteen egitaraua. Guraso elkartetik gogorarazi dutenez, bakoitzak bere makila, txorizoa eta ogia eraman beharko du, eta udalak sua eta umeentzako edaria jarriko ditu. Hurrengo astean, Eguen Zuri egunean, eskolako umeak kalera aterako dira 12:00ak aldera eta kalez kale ibiliko dira koplak kantatzen. Barikuan, 18:00etan, petanka txapelketa antolatuko du AD Mallabia FTk. Pilotalekuan egingo da eta 12 urtetik gorakoek hartu ahalko dute parte. Otsailaren 14an, zapatuan, bazkari autogestionatua egingo da pilotalekuan, eta herritar guztiak mozorrotuta joatera animatu dituzte. Gero, DJ Track-Ak piztuko du arratsaldea,17:00etatik 20:00etara, musikaz eta pirotekniaz betez herrigunea.
Otsailaren 17a egun nagusia izango da, Karnabal Martitzena. 14:45etan, Ekain pailazoak ordubeteko umeentzako ikuskizuna eskainiko du eskolan, eta 16:30etan, txokolatu beroa banatuko dute Guraso Elkarteko kideek. 17:00etan Oihan Vegaren Dj-erromeria hasiko da pilotalekuan eta, tartean, Mallabiko aratusteetako ekintza kuttunenetakoa egingo da: Playback-Mozorro lehiaketa.