Borrokalari Eguna ospatuko dute martxoan, Ander Martin Estenagaren omenez

Ander Gomez 2026ko otsailaren 9a

Familia eta lagunek antolatutako egun osoko ospakizuna izango da. Behin-behineko egitaraua aurkeztu dute eta bazkariko tiketak salgai daude jada.

Iazko uztailaren 29an zendu zen Ander Martin pilotari eta pilotazale mallabitarra, 47 urterekin. Gazte joan zen arren, haren pasioei dedikatutako bizitza bete-betea izan zuen, eta horren erakusle garbi dira urte erdi eskasean pilota-munduan zein kanpoan egindako lagunek egin dizkioten errekonozimendu eta omenaldiak. Lehena abuztuko Mallabiko jaietan izan zen, udaletxean, eta Durangoko sanfaustoetan ere omendu zuten bertako pilota elkartekoek. Azken hartan, euskal selekzioko eta Federazioko kideak egon ziren, senideek oroigarria jaso zuten eta erakustaldi-partida jokatu zuten Titin III.a-Antxia eta Agirrezabal-Mikel Goñi pilotariek.


Argazkia: Pelota Durango.

Urriko jaietako ohiko elizpeko txapelketari Ander Martin Memoriala izena jarri zioten, eta Pelotari Kementsuena saria gehitu zuten haren omenez. Txapeldunorde geratu zen Xabat Uzuriagak irabazi zuen, eta Anderren amari oparitu zion, Maria Jesus Estenagari.

https://barrena.tok-md.com/argazkiak/xLq/ander_martin_estenaga_PELOTARI_KEMENTSUENA_ELIZPEKO_TXAPELKETA_2025.png

Aurten, ekitaldi gehiago prestatzen ari dira hainbat toki eta elkartetan. Lehena, eta ziur asko potoloena, martxoaren 14koa izango da, familiak eta lagunek Mallabian bertan antolatutako egun osoko jaia izango da eta. Elizpeko txapelketako sariarekin egin bezala, Martin II.aren nortasuna "hoberen" islatzen zuen hitzarekin izendatu dute: Borrokalari Eguna, "hori baitzen haren izateko era, bai frontoian, bai bizitzan", dio Unai Martin anaiak.

Goizetik gauerako ekintzak egongo dira, eta gehienak Martinen zaletasunen arabera aukeratu dituzte. Pilotaz gain, dantzara lotuta egon zenez txikitatik, harekin aritzen ziren lagunen eta egungo Gazte Alai taldeko umeen dantza erakustaldiekin irekiko dute egitaraua. Ondoren, txapelketak hasiko dira: gisasolatarrek herri-kirol materiala jaitsiko dute eta harri-jasotze, txinga eta txokor-batzean arituko dira kuadrillako lagun guztiekin batera; mus txapelketa ere jokatuko da; eta pilotalekura bisita ez da faltako, non eskolako umeek eta Martinen zaletasun nagusia partekatzen duten guztiek jokatu ahalko duten. Ekintzak egin bitartean, musikarik ez da faltako: Beñat Ugartetxea eta Arkaitz Estiballes bertsotan arituko dira, eguerdian triki-poteoa egingo dute, arratsaldean Burrunbada elektrotxaranga irtengo da kalera eta gauean kontzertu sorta ederra egongo da parkean. Oraingoz, konfirmatuta dauden taldeak dira Apokalipsis, Dezein eta Storbais. Horiez gain, kontzertu akustiko berezi bat prestatzen ari direla aurreratu dute, gonbidatu bereziekin.

Bazkariko tiketak salgai

Egun osoko festa izanda, herri bazkaria ez da faltako. Mallabia I.a Pilotalekuan egingo da eta tiketak sagai daude dagoeneko, pilotalekuan bertan, Idoiaren dendan, Herriko Tabernan eta Jubiletxean. Bertaratu ezin dutenek 666 38 51 70 zenbakira whatsapp-a idatzita erreserbatu ditzakete. Umeentzako makarroiak eta haragi-bolak egongo dira; eta nagusientzako, marmitakoa eta haragi-bolak. Txikienen menuak 15 euroko kostua du, eta helduenak, 25 eurokoa.

Errifak jarriko dituzte salgai, eta "sari potoloak" agindu dituzte; tartean, Eibarko Euki Aholkularitzak emandako bi sarrera martxoko pilota finala ikusteko. Jasotako dirua eguneko gastuak ordaintzeko erabiliko da. Soberan geratuz gero, datorren urtean beste edizio bat egiten saiatzeko gordeko dute; izan ere, hori da familiakoen eta lagunen ametsa: Borrokalari Eguna urteroko hitzordu bihurtzea, Ander Martin pilotazalea eta pertsona herriaren memorian mantentzeko eta haren bizitza ospatzeko.