Lilatoirako autobusera batzeko azken eguna

Ander Gomez 2026ko otsailaren 24a

Oihane eta Ainara Mallagaray, Julene Larrakoetxea eta Idurre Galarraga mallabitarrak, 34. Lilatoian. Argazkia: Olga de Miguel.

Aurrekoetan bezala, Lilatoian parte hartuko duten emakumeendako autobusa jarri nahi du udalak, Mallabitik Donostiara. Bidaia doakoa izango da, baina aurretik erreserba egiteko eskatu dute, gutxieneko plazak betetzen direla ziurtatzeko. 

Martxoaren 1ean izango da 36. Lilatoia, eta joan den barikuan bukatu zen dortsalak erosteko epea. Bi edizio atzera egin bezala, Donostiarako autobusa eskaini du Udalak, "emakumeen presentzia kirolaren munduan sustatzeko eta Mallabitik kanpo udalerria indartsu ordezkatu dezaten". Izen-ematea Kultur Etxean zein udaletxean egin daiteke, baina gaur –otsailak 24, martitzena– bukatuko da epea. Ondoren jakingo da gutxieneko plazak bete diren eta autobusa egongo den ala ez. 

Lasterketa domekan izango da eta irteerak hamarrak aldera egingo dira, Donostiako Bulebarretik: 09:55ean handbike modalitatekoa eta 10:00etan orokorra. Aurretik, zumba beroketa-saioa egongo da, 09:30ean. Mallabiko autobusa petriletik aterako litzateke, 08:30ean, eta 18:30ean bueltatu, Donostiatik.

Dortsalak, Eibarko Andretxean

Lilatoian inskribatutako mallabitarrek –eta debabarrendar guztiek– Eibarren jaso ahalko dituzte dortsalak eta kamisetak, Andretxean (Isasi kalea, 11). Zehaztu dutenez, edozein pertsonak jaso ahal izango ditu, lasterkariaren nortasun agiria eta inskripzioaren ordainagiria aurkeztuta.