Martxoak 8 · Emakumeen Nazioarteko Eguna

Artea, kirola, osasuna eta umorea Martxoaren 8ko egitarauaren erdigunean

Ander Gomez 2026ko otsailaren 28a

Udaletxe parean izan zen iazko elkarretaratzea, eta 'Emakumeen ahalduntzea irudikatuz' dantza emanaldia egin zuten. Argazkia: Lorea Arregi.

Mallabiko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Nahikari Emakumeen Elkarteak aurkeztu dute Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan egingo diren ekintzen programa.

Martxoaren 1ean, domeka, kirolaren eta artearen artean aukeratu ahalko dute Mallabiko emakumeek. 36. Lilatoia izango da Donostian, eta, urtero mallabitar ugari bertaratzen direnez, autobus zerbitzua jarri du Udalak. 08:30ean aterako da, petriletik, eta 18:30ean bueltatuko da Donostiatik. Eguerdian, Emakume palestinar baten begirada erakusketa irekiko dute. Euskal Herrira bizitzera etorritako Rouhaifa Kassem palestinarraren obrek osatuko dute eta artista bera bertan egongo da, aurkezpena egiten. Margolanak bi astez egongo dira ikusgai, Kontzejuzarrean. Horren ondoren, 12:30ean, bideo-foruma egingo dute, La boda de Rosa filmaren proiekzioarekin. 45 urteko emakume baten istorioa kontatzen du: betidanik besteen beharrak lehenesten aritu eta gero, bere burua erdigunean jarri eta bere bizitza berreskuratzeko erabakia hartzen du.

Bizi-kalitatea, ahalduntzea eta osasuna genero ikuspegitik lantzen dituen Emakumeen Osasun Eskolak bi saio egingo ditu: lehena martxoaren 6an izango da, barikua, 19:00etan, Kontzejuzarrean, eta gaixotasun kardiobaskularrak, min kronikoak eta migrainak izango dira hizpide; bestea hilaren 15ean egingo da, domeka, 12:30ean, eta menopausiaren eta andropausiaren arteko desberdintasunak eta osteoporosia landuko dituzte.

Garrantzitsuena Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, Martxoaren 8an. Kontzejuzar parean egingo dute aurtengo elkarretaratzea eta adierazpen instituzionalaren irakurketa, 12:15ean. Ondoren, 12:30ean, helduentzako In crescendo clown ikuskizuna izango da bertan.

Learreta-Markina eskola eta pilota elkarteak batu dira programara

Nahikari elkarteko kideek eta Mallabiko Udalak antolatutakoez gain, bestelako ekintzak hartuko ditu M8ko egitarauak. Alde batetik, eskolako ikasleak eurentzat erreferente diren emakumeen inguruko proiektua lantzen ari dira. Behin bukatuta, Kontzejuzarreko paretetan zintzilikatuko dituzte egungo zein historiako emakumeok, herritar guztiek ikus ditzaten. Erakusketa martxoaren 6an, 8an eta 15ean ikusi ahalko da. 

Bestetik, frontoian emakumeen presentziari ikusgarritasuna ematen dioten txapelketa guztiak programaziora batu dira, hala nola elite mailako emakumezkoen Euskal Herriko Gomazko Paleta Txapelketa, adimen urritasuna duten emakumeen parte-hartzea izan duen Euskal Pilota Egokituko Bizkaiko Irekia eta gaur jokatuko den binakako txapelketa, emakume pilotari profesionalen Ados pilota elkarteak antolatua. AD Mallabia FTk antolatutako frontenis txapelketa mistoak itxiko du egitaraua, martxoaren 21ean.