Martxoaren 14an ospatuko da Borrokalari Eguna, Ander Martin Estenaga mallabitarraren omenezko jaia. Familiak eta kuadrillak antolatu dute, eta Martin II.ak frontoi barruan zein kanpoan egindako lagunei batzeko gonbita egin diete. Batzuek egitaraua osatzen lagundu dute, kirol eta kultur emanaldiak eskainiz; bestetzuk, berriz, horiek disfrutatzen emango dute eguna. Hori bai, guztiak Mallabia I. pilotalekuan elkartuko dira, herri bazkari erraldoian.
Lerro hauek idazterako, 290 txartel saldu dira, eta 300 lagunetik gora izatea espero dute. Bazkarira batu nahi dutenek oraindik badute aulkia erreserbatzeko aukera, 666 38 51 70 zenbakira whatsapp mezua bidalita. Umeentzako makarroiak eta haragi-bolak egongo dira; eta nagusientzako, marmitakoa eta haragi-bolak. Txikienen menuak 15 euroko kostua du; eta helduenak, 25 eurokoa.
Goizetik gauerako egitaraua
Jaiak zapatu osoa hartuko du, eta Ander Martinen zaletasunen arabera aukeratutako ekintzak izango ditu. Pilotaz gain, txikitatik dantzara lotuta egon zenez, halaxe hasiko dute eguna: 12:00etan, dantza erakustaldia egongo da parkean, gaztetan harekin aritzen ziren lagunen eta egungo Gazte Alai taldeko umeen eskutik. Ondoren, Mendibil Abesbatzak kantatuko du, eta, 12:30ean hasita, herri kiroletan –harri-jasotze, txinga, txokor-batze…– lehiatuko dira gisasolatarrak eta Anderren kuadrillakoak. Tartean, Beñat Ugartetxea eta Arkaitz Estiballes arituko dira bertsotan. 13:00etan, pilota partidak jokatuko dituzte Malle Pilota Eskolakoek eta Martin II.aren zaletasun nagusia partekatzen duten inguruko lagunek. 14:00etan, triki-poteoa egingo da herrian zehar, eta, edan ostean, bapo jaten bukatuko dute 15:00etan egingo den herri bazkarian. 17:00etan errifen zozketa egingo du Egoitz Txurrukak, eta, ostean, kontzertu akustiko sorpresa egongo da, gonbidatu bereziekin. Gero, mus txapelketa hasiko da pilotalekuan, eta 18:00etan, Burrunbada elektrotxaranga aterako da kalera. Bukatzeko, kontzertu sorta egongo da parkean, 21:00etan hasita, Apokalipsis, Dezein eta Storbais taldeekin.