Kategoria orokorrean, Maialen Bilbao durangarrak eta Javier Toribio errioxarrak osatutako bikoteak lortu zuen seigarren edizio honetako txapela. Lehen partida galdu eta kanporatuta gelditzear egon ziren arren, ligako fasean egoerari buelta eman eta erraz nagusitu ziren hurrengo hiru partidetan, finala barne: Andrea Arnaiz burgostarraren eta Alex Medina kubatarraren kontra neurtu zituzten indarrak, eta alde handiarekin izan ziren garaile, 22-3 markagailuan. Hirugarren sailkatu ziren Nuria Medina vallisoletarra eta Julen Insausti nafarra. Podiumean geratu ziren bikoteek 400, 300 eta 200 euro jaso zituzten hurrenez hurren, txapel eta garaikurrekin batera.
Eskualdeko kategorian, Leire Dueñas eta Endika Romero abadiñoarrak nagusitu ziren Itsaso Pradera eta Andoni Aldape mallabitarren kontra, 31-29 emaitzarekin bukatu zen lehia estuaren ostean. Horrela, 100 euroko diru-saria eraman zuten Abadiñora.
Horrez gain, parte-hartzaile guztiek bina opari jaso zituzten AD Mallabia FTren eskutik, motxila eta edari-botila termikoa.