Goizeko hamaiketan ekingo diote jaiei, ohiko meza nagusiarekin. Ondoren, folklorearen txanda izango da eta Mallabiako Gazte Alai dantza taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du. Segidan, umeentzako auzoko jolas klasikoak egingo dituzte: oilar harrapatzea eta lapiko apurtzea. Jolas hauek ikusmin handia sortu ohi dute, eta barreak eta tentsio uneak ziurtatuta egongo dira. Ostean, indarrak berritzeko, kafea eta txorixo-pintxoak banatuko dituzte.
14:30ean auzo-bazkari herrikoia egingo dute ermitan eta bazkalostean Irune Basagoiti eta Ibai Amillategi bertsolariek kantatuko dute.
Arratsaldean ere izango da zertaz gozatu. 17:30ean, umeentzako lasterketa berezia korrituko da, "Agarrera Osterie" izenekoa. Gaztetxoek aukera bikaina izango dute euren abiadura eta trebezia erakusteko auzoko bideetan barrena. Jaiari amaiera emateko, 18:30ean, Begi Bide taldearen kontzertu akustikoa izango da, eguna modu lasai eta melodikoan ixteko.
Aurten ere, jai giro ederra izango dute Berano Txiki auzoan, auzotarren eta bertaratzen diren bisitarien gozamenerako.