Suizidioaren prebentzioan heziko dira familiak, irakasleak eta osasun-arloko profesionalak Mallabian

Ander Gomez 2026ko apirilaren 23a

2024an egindako lehen tailerra, Kontzejuzarrean.

Apirilaren 24an eta 25ean hiru tailer emango dituzte Kontzejuzarrean. Doakoak izango dira guztiak, baina beharrezko izango da izena ematea (albiste barruan formulariorako lotura). Argazkiak: Natalia Villen.

Mallabiko Udalak 2024an antolatu zituen lehen aldiz suizidioaren gaia lantzeko tailer irekiak. Ongizate Sailak jasotako feedbackaren arabera, parte-hartzaileek "oso gustura" bukatu zuten, eta, "gehiago sakontzeko gogoz", errepikatzea erabaki dute. Aurrekoan bezala, osasun mentalean eta suizidioaren prebentzioan aditu Isthar Saldaña hezitzaileak emango du ikastaroa.

Haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen den ondoez emozionala landuko dute lehen ikas- taroan, eta familiei zuzenduta egongo da. Ondoez hori ulertzeko gakoak ikasiko dituzte, alerta-seinaleak identifikatzeko baliabideak emango dizkiete eta familia barruan komunikazioa indartzeko estrategiak jorratuko dituzte. Datorren barikuan izango da, apirilaren 24an, 18:00etatik 20:30era, Kontzejuzarrean.


Isthar Saldaña hezitzailea. 

Biharamunean, beste saio bat egingo dute, hezkuntza eta osasun arloko profesionalei zuzendutakoa. Bertan, hezkuntza-esparruko prebentzioa, detekzio goiztiarra eta familiekin koordinatzeko tresnak landuko dituzte. Hilaren 25eko goizean izango da eta bost ordu iraungo du, 09:00etatik 14:00etara. Zapatuan ere mallabitar guztiei irekitako tailerra egingo dute, azkena. Saio horretan prebentziora aplikatutako gaitasun emozionalak landuko dituzte, eta erregulazio emozionalerako eta laguntzarako tresna praktikoak eman. Arratsaldez izango da, 17:30etik 20:00etara.

Tailer hauetako batean parte hartzeko interesa dutenek, plaza erreserbatu dezakete HEMEN.