Mallabiko iturri, ur-jauzi, erreka, baso eta gurutzeak ezagutzeko irteera, bihar

Ander Gomez 2026ko apirilaren 24a

Bidean bisitatuko dituzten ur-jauziak. Argazkiak: Carlos Perez.

Artarrai Mendi Taldeak antolatu du, ibilbidea zirkularra izango da, eta bi irteera izango ditu: bata, Mallabitik; bestea, Ermutik. Izena emateko lotura albiste barruan.

Apirilaren 25erako, zapatua, Mallabian zehar egingo den ibilbide zirkularra antolatu du Artarraik, 22 kilometroko distantzia eta 1.000 metroko desnibelarekin. Zailtasuna "ertaina" bezala zehaztu dute, ibilbidean zehar gainditu beharreko oztopoak eta tarte aldapatsuak ez ezik, iraupena kontuan hartuta: sei ordu eta erdian egitea aurreikusi dute. Hala ere, hainbat geldialdi egingo dira bidean, ur-botilak bete eta mokadutxoa hartzeko.

Bi irteera zehaztu dituzte: mallabitarrak 07:20an aterako dira plazatik, Malleko bidetik Betiondora ailegatuko dira, eta ermuarrekin elkartuko dira –haiek bertatik aterako dira, 08:00etan–. Guztiak batera Berano erreka bazterretik igoko dira Arteta iturriraino, eta bidean ur-jauziaren ondotik pasatuko dira. Trabakuara jaitsi eta ura bete ondoren, bigarren zatia hasiko dute: Gerena-Longako bi ur-jauzietara igo eta Zazpi Pago gurutzatuko dute, Zengotitagañerako igoeran. Motorzaleen pistatik jaitsiko dira Zengotitara; ermitan ura hartu eta zezina-xerra dastaketa egingo dute. Ondoren, Areatsuko gurutzera igoko dira, eta, zerua oskarbi egonez gero, Osmagaindik Mallabiko eta Durangaldeako ikuspegi zoragarriez gozatu ahal izango dute. Eta, azkenik, jaitsiera aldapatsua egingo dute pagadietan barrena, Artua errekaraino. Haren ibilgua jarraituz jauregira ailegatuko dira, eta ibilbidea hasitako leku berean bukatuko dute mallabitarrek. Ermuarrek San Pedrora igo beharko dute oraindik, Betiondora bueltatzeko.

Interesa dutenek Mallabiko Ibilbide Zirkularra whatsapp taldera batu beharko dira eta joateko asmoa dutela idatziz adierazi. Dagoeneko, 28 herritar apuntatu dira.