San Jurki jaiak, argazkitan

Estibalitz González 2026ko apirilaren 30a

Ez auzotarrak bakarrik, beste herritar ugari hurbildu zen zapatuan Berano Txiki auzoko egunik zelebratuenera, San Jurki eta San Markos gurtzen dituen ospakizunera. Eta eguraldia ere, santuon bedeinkazioei esker-edo, portatu zitzaien, eguzkitik eta aterritik jo zielako. Irudiak: Ana Telleria, Intza Markina, Garazi Mugarza, Eire Markina eta Estibalitz González.

Eguraldi kontuetan sasoia ezegonkor samarra delako, San Jurkixetan denetik egin dezake: euria, txingorra, edurra, hotz zein sargori… baina jaia beti ospatu izan da, inoiz ez da bertan behera geratu. Urte baten, euria bota eta bota luperiak egin eta bertaratzeko bi bideak moztu egin ziren. Hainbeste konbidatu izanda etxe bakoitzean, erdi brometan jardun zuten esaten katiuska batzuk eta aitzurra eman bakoitzari eta denen artean bideak zabaltzen ekin beharko ziotela. Kanpoan euria bota ahalean egon arren, orduan ere etxeko eta enparau guztiak behe barruan batu eta egunari bere elkartze usaina eman zioten.

Betidanik ospatu dute auzotarrek euren jai handia: gaur egunekoen denbora guztian eta aurretikoen sasoian ere, ez jakin noiz arte. Gauzak auzolanean aurrera ateratzearen beste adibide bat da San Jurkixena, borondate on eta esku askoren emaitza. Hilabeteak lehenago hasten dira prestaketak: udaletxeari eskaerak luzatu, parte hartuko duten talde eta artistekin kontaktuan jarri, herri-bazkaria lotu… Egunetik gertu, erosketak egiteaz bateron bat arduratu behar izaten da eta bezpera-bezperetan taldetxo bat ibiltzen da umeen jolasetarako materiala prestatzen, edari-barra muntatzen, txopua altxatzen… Ermita atontzeak ere bere zereginak izaten ditu: inguruko belarra moztu, urte guztiko amaraun eta hautsak kendu, erratza pasatu… Aldarea zamau zuri ikusgarriz eta lora ederraz apainduta, azken ukitua egiten diote, pozarren. 

Dantzari, txistulari, bertsolari, kantari edo senitarteko zein bisitari izan beranotxikiarrek estimatzen dute bertaratzea eta guztiei harrera gozoa egin diete.