Zortzi futbol eta saskibaloi eskolak jokatuko dute Mallabia Cup

Ander Gomez 2026ko maiatzaren 29a

Futbol taldea joan den asteburuan, Markinako aurrebenjaminen topaketan.

Bihar, zapatua, AD Mallabia FTk antolatutako kirol eskolen arteko koparen beste edizio bat jokatuko da. Goizean futbolean arituko dira; arratsaldean, saskibaloian.

Futbol txapelketa 10:00etan hasiko da, eskolako frontoian, eta aurrebenjamin mailako zazpi talde lehiatuko dira: Ermua CD, Ermua Blues, Zaldua, Durangoko Kulturala –Gorria eta Urdina–, Berriatuko, Artibai –Zurixe eta Baltza– eta horiek guztiak etxean hartuko dituen Mallabiko Futbol Taldea. Antolatzaileek azaldu dutenez, taldeak bi multzotan banatuko dituzte eta formatua egokitu egingo dute, "jokalari guztien parte-hartzea eta jokoaren dinamismoa sustatze aldera". Horrez gain, gogorarazi dute txapelketa horrek izaera ez-lehiakorra duela: "Ez da sailkapenik egongo, ezta markagailu publikorik ere; giro ludikoa sortzea da kopa honen ardatza".

Saskibaloi txapelketa pista berean jokatuko da, arratsaldez, 16:30ean hasita. Benjamin eta alebin mailetako hiru talde arituko dira lehian: Elorrio KT, Saski Ermua eta AD Mallabia FT. Hiruko formatuan jokatuko dute, eta orduan ere ez da sailkapenik egongo.

Jardunaldiaren amaieran, talde guztiek garaikur berbera jasoko dute, eta parte-hartzaile bakoitzak oroigarri bana.