Energia berriztagarrien proiektuen eta goi-tentsioko linea berrien ugaritzeak kezka handia sortu du eskualdean. Egoera honi heltzeko, Mallabiko Udalak informazio saio irekia egin zuen joan den ostegunean Kontzejuzarran, UME proiektu fotovoltaikoari eta herria zeharkatu nahi duen linea elektrikoari buruz xehetasunak emateko.
Saioan Igor Agirre alkateak, Alberto Arrate abokatuak eta Dario Acuña Fisiologia katedradunak hartu zuten parte, eta mota honetako azpiegiturak nonahi jartzearen aurrean “zuhurtzia-irizpideak” aplikatzea babestu zuten.
Osasuna eta ingurumena ardatz
Saioan azaldu zenez, Udalak alegazioak aurkeztu zituen bai proiektu fotovoltaikoaren aurka, baita herria zeharkatu nahi zuten goi-tentsioko linearen aurka ere. Alegazio horiek udal-txosten teknikoetan eta osasun, ingurumen zein lege arloko peritutza espezializatuetan oinarritu ziren.
Honakoak izan ziren erabilitako argudio nagusiak:
- Natura-ingurunean eta babestutako faunan izan ditzakeen kalteak.
- Azpiegitura etxebizitzetatik gertuegi egotea (adibidez, Ariño baserria).
- Tramitazio administratiboan hautemandako hainbat irregulartasun.
Gai kezkagarrienetako bat eremu elektromagnetikoek osasunean duten eragina izan zen. Dario Acuña katedradunak azaldu zuenaren arabera, hainbat ikerketa zientifikok eremu horiekiko esposizio luzearen eta haurren leuzemiaren artean harremanak antzeman dituzte. Acuñaren esanetan, arrisku-atalasea 0,3 eta 0,4 mikro-tesla artean dago, gaur egungo legediak baimentzen dituen mugen oso azpitik.
Bestalde, Alberto Arrate abokatuak azaldu zuen Mallabiko kasua ez dela bakarra, azpiegitura hauen aurkako oposizio soziala gero eta zabalagoa dela. Lineak lurperatzeko aukera aipatu zuen paisaia eta hegaztiak babesteko, baina irtenbide hori ere ingurumen-irizpide zorrotzekin egin behar dela ohartarazi zuen.
Plangintza txukuna eta herria babestea
Parte-hartzaile guztiak ados agertu ziren: trantsizio energetikoak plangintza ordenatuago bat behar du. Arratek ohartarazi zuenez, energia berriztagarrien hedapen azkarrak ez dakar beti banaketarako estrategia argi bat, eta horrek lurraldean inpaktu handiagoa duten lineak saretzea dakar.
Mallabiko Udaletik argi utzi nahi izan dute euren jarrera ez dela energia berriztagarrien aurkakoa, baizik eta ingurumen, lurralde eta gizarte berme nahikorik ez duten proiektuen aurkakoa.