Beroari eta eguzkiari aurre egin beharrak baldintzatuta, herriko txoko harrigarrienetan sakabanatu ziren, bazter edo eraikin inspiratzaileen bila. 30 helduk eman zuten izena, 3 bertakoak eta baita handik eta hemendik etorritakoak: esaterako, Artziniaga, Beasain, Getxo, Lesaka, Asteasu, Trapagaran, Albiztur, Viana, Castro Urdiales, Gijón, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Frantzia… Umeak, ostera, 9 izan ziren, gehienak ermuarrak eta gainontzekoak Durango, Eibar eta Bilbokoak.
Zazpi orduko etengabeko jardunean, goizeko bederatzietan hasi eta eguerdiko ordu biak arte, lanaren entregua egin behar zen une horretara arte, burua mihisetik ia altxatu gabe, pintzelekin, koloreekin, bolumenekin, perspektibekin eta argi-ilunekin jolasean ibili ziren pinturaren artista haiek.
Artelanak amaituta, oraindik eskuetan akriliko eta olio hondarrekin eta disolbatzaile usaina soinean, elkarrekin bazkaldu zuten herriko jatetxe baten, Mugarteako epaimahaikideek sariak nori eman erabakitzen zuten bitartean. Haien esanetan ez zen batere lan erraza izan: kalitate handiko lan ugari zeuden eta zein baino zein irabazle izateko meritua zuten.
Lobianon egin zen sari banaketa, bertan zirela parte-hartzaile guztiak, haien senide eta laguntzaileak eta herritar asko ere. Mugarteako kide den Yoli Capelo eta Beatriz Gámiz alkatea arduratu ziren sariok banatzeaz, umeenak lehengo eta helduenak gero.
Sariak
5-9 urte bitartekoak
- Irune Serrano
- Biel Lombraña
- Iraia García
- Izar Alberdi
10-15 urte bitartekoak
- Noa Castaño
- Leire Serrano
- Laia Lombraña
- Lur Alberdi
- Maria Gisasola
Bertakoak
- 1. saria: Jorge Ojea
- 2. saria: Cuco Hernández
- Akzesita: Fernando García
Orokorra
- 1. saria: Iker Mugarra
- 2. saria: Diego Manuel Fernández
- 3. saria: Jose Miguel Arranz
- Akzesita: Eduardo Alsasua