gaur

Sustrai Colina eta Amets Arzallusen bertso-afariarekin ekingo diete Goitako sanjuen jaiei

Ander Gomez 2026ko ekainaren 19a

Ekainaren 19tik 24ra bitartean ospatuko dira, eta ez dira faltako dantza eta ardi-mozte saioak, tortilla eta bolo lehiak, sobreak eta San Joan sua. Argazkiak: Valentin Mugarza Martinez.

Gaur hasiko dituzte Goita auzoko jaiak, 19:00etan, txopoa altxatuta eta txupina botata. 21:30ean, bertso-afaria izango da, eta Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek kantatuko dute. Afalostea, berriz, Lander eta Mikel trikitilariek girotuko dute.

Zapatuan, umeentzako jolasak egongo dira, 18:00etan hasita, eta nagusiek ohiko patata-tortilla lehiaketa jokatuko dute. 22:00etan, rantxeren eta bestelako kanten emanaldia egongo da. Ondoren, festa giroa luzatzeko ardura izango dute trikitilariek, "oilarrak jo arte".

Domekako meza 13:00etan izango da. Bukatutakoan, Gazte Alairen dantza emanaldia eta ardi-mozte erakustaldia egongo dira. Azken horretan parte hartuko dute Aritz Abendibarrek, artaziekin; Aunitz Arrindak eta Mikel Etxebarriak, makinarekin; eta Janire Artabek, artilearen maneiuari buruzko azalpenak ematen. 17:00etan, bola saria jokatuko da, eta, ondoren, txokolate-jana egingo dute.

San Joan bezperako iluntzean, sua piztuko dute Goitako larrean, eta bertaratzen diren auzotar guztientzat afari-merienda antolatuko dute.

Jaiak patroiaren egunean bukatuko dira, ekainaren 24an, eguaztena. 18:00etan, sobreak prestatuko dituzte, eta 19:00etan izango da meza. Ondoren, mokadutxoa eskainiko diete bertaratutakoei, eta errifen irabazlea ezagutzera emanez agurtuko dituzte jaiak.