Mallabiko San Joan sua ere bertan behera

Ander Gomez 2026ko ekainaren 23a

Gaur, 20:00etan Ansoagako bidegorrian piztu behar zen sua bertan behera geratu dela jakinarazi du Mallabiko Udalak. Erabakia beroaldiak eragin dezakeen edozein arrisku-egoera saihesteko hartu dela azaldu dute sareetan zabaldutako ohar batean: "mallabitarren segurtasuna lehenestea eta haien ongizatea eta babesa bermatzea da helburua". 

Atzo, Mendaroko Udalak neurri bera iragarri zuen, eta gaur goizean Elgoibar eta Itziar batu zaizkie.

Surik egongo ez den arren, mallabitarrek berdin-berdin kantatu ahal izango dituzte bertako San Joan bezperako koplak, urteko gaurik motzena behar bezala agurtu eta egun luzeenari ongi etorria emateko:

San Juen, San Juen
arrautza bi kolkuen,
beste bi altzuen
Sorgiñek eta lapurrek erre, erre
garixek eta artuek gorde, gorde
Biba San Juen!