Barikuan hasi ziren Goita auzoko jaiak, Sustrai Colinaren eta Amets Arzallusen bisitarekin. Ileorde eta guzti buruan, bizilagunekin afaldu bitartean kantatu zuten. Lander eta Mikel trikitilariek girotu zuten bariku gaua, eta zapatuan ere hala aritu ziren, "oilarrak jo arte" herritarrak dantzan eta jolasean jarriz. Ohiko tortilla lehiaketan, epaimahaiak Nekane Zuberorena aukeratu zuen irabazle, eta, iaz bezala, Lorea Arregirenari eman zioten bigarren saria. Ondoren, Arantzaren rantxerekin dantzatu zuten, Landerrek eta Mikelek lekukoa hartu arte.
Domeka goizean, Gazte Alaiko gazte eta nagusiek dantza erakustaldia egin zuten, eta, bukatzean, ardi-mozte erakustaldia hasi zen. Aritz Abendibar artaziekin aritu zen, eta Aunitz Arrinda eta Mikel Etxebarria makinarekin. Bitartean, artilearen inguruko azalpenak eman zituen Janire Artabek.
Arratsaldeko bola-joko saria Bizkaiko Hiru Txirloko 35. Txapelketaren baitan jokatu zen. Berrogeita bost lagun animatu ziren parte hartzera eta honakoak izan ziren irabazleak:
- Txino Santana (8 txirlo)
- Juan Bengoa (8 txirlo)
- Angel Ibarluzea (7 txirlo)
- Boni Plaza (7 txirlo)
- Andrea Fernandez (6 txirlo)
- Javier Urkidi (6 txirlo)
Argazki-sortan ikus daitekeen bezala, Andrea Fernandezen saria Xabi Egurrola semeak jaso zuen.
San Joan bezperan, beroaldia dela eta, surik ez piztea gomendatu zuen Udalak, baina auzotarren arteko afari-merienda ez zen falta izan. Bukatzeko, atzoko patroiaren egunean, sobre prestaketa egin zuten auzotarrek. Ermita koloretako lorez bete zuten, eta, mezaren ostean, elkarrekin bapo jaten bukatu zituzten ezohiko San Joan jai hauek.