Nestor Alonso, kickboxing borrokalaria: "Ez dut luzaroan lehiatu nahi, baina, behin honaino ailegatuta, dena emateko prest nago"

Ander Gomez 2026ko ekainaren 26a

Ringean baino, tatamian lehiatzea nahiago du Alonsok.

Bihar, ekainak 27, Estatu mailako kickboxingeko txapelketa irekia jokatuko da Bilbon, La Casillan. Ia 300 borrokaldi egongo dira, eta horietako bi Nestor Alonso mallabitarrak jokatuko ditu, euskal selekzioa ordezkatuz.

Mallabira ezkondutako Nestor Alonso Enriquezek (Bilbo, 1986) aspaldi laga zion bere burua bilbotar izendatzeari nongoa den galdetzen dioten bakoitzean. Bertako natura eta lasaitasuna maite dituela dio, baina baita praktikatzen dituen kontaktu-kirolak bultzatzen dituen herria izatearren ere. Urte hasieran ekin zion txapelketetan lehiatzeari, eta bihar, euskal selekzioa eta Mallabia bera ordezkatuko ditu Bilbon jokatuko den Estatu mailako Kickboxing Txapelketan.

Nola ailegatu zara hain azkar euskal selekzioarekin lehiatzera?

Ez da jendeak pentsa dezakeen bezain zaila. Beteranoen kategorian ez dago apenas jenderik, eta, askotan, izena ematearekin bakarrik sailkatzen zara. Kasu honetan, horrela izan da. 

Modalitate askoko kirola da kickboxinga; zeinetan lehiatuko zara?

Espazioa bera ere bereizten da: ringa eta tatamia daude; ni azken horretan lehiatzen naiz. Modalitateak kontaktu mailaren eta baimenduta dauden gorputz atalen arabera desberdintzen dira. Bitan arituko naiz ni: izterretako ostikoak baimentzen dituen Kick Lighten; eta belaunen erabilera onartzen duen K1 Lighten.

Zela ikusten dituzu borrokak?

Aurkari bakarra daukat bietan; beraz, Estatuko bigarrena izango naiz, behintzat; kar-kar. Baina espero dut irabaztea.

Eta irabaziz gero?

Munduko Txapelketa jokatuko nuke Madrilen. Ikaragarria litzateke. Baina biharko txapelketa jokatzea bakarrik oparia da.

Prestakuntza gogorra izango da...

Eguneroko lana da, saio bereziekin. Baina entrenatzaile ona daukat eta asko disfrutatzen dut. Ikastea gustatzen zait.

Zein klubekin diharduzu?

Indarxsportekin. Durangoko gimnasio batean zegoen; orain, leku berria zabaldu dute Iurretan. Txoko ederra entrenatzeko.

Eurekin hasi zinen?

Bai, lauzpabost urte atzera. Betidanik karatean aritu naiz, baina semeak jaiotzean laga egin nuen. Eskolan hasi zirenean bueltatzeko gogoa etorri zitzaidan, eta eskaintza begiratzen nengoela topatu nuen kluba. Eurekin harremanetan jarri nintzen, eta justu Mallabiko lehen kickboxing gaua antolatzen ari ziren. Ikustera joan nintzen, gustatu egin zitzaidan eta izena eman nuen.

...noizbait Mallabiko borrokaldiko kartelean agertzeko asmoarekin?

Horiek ringeko borrokak dira, kontaktu osoarekin eta KOra, seko laga arte! Gustatuko litzaidake, baina ez dut denborarik, eta, gainera, 20 urtekoen kontra lehiatu beharko nuke...

Gazteen kontra aritu zara inoiz?

Bai, eta aldea nabaritzen da: fisikoan, tamainan eta entrenatzen daramaten denboran. Aldez aurretik dakizu nola bukatuko den borroka. Guztiak galdu nituen, baina batean parez pare egon nintzen. Asko ikasi eta ondo pasatu nuen arren, orain nire kategorian zentratuko naiz; gazteak elkarren artean konpondu daitezela; kar-kar.

Karatean aritu zara, eta igartzen da kariño berezia diozula, baina zer nabarmenduko zenuke kickboxingetik, karatearekin alderatuta?

Karatean konbatea eta katak daude. Borrokak erakartzen nau ni, eta kickboxinga konbate hutsa da; horrek erakarri ninduen. Baina egia da epe ertainera karatera bueltatzea gustatuko litzaidakeela.

Bukaera hurbil ikusten duzu, orduan?

Txapelketa honetan ez badut ezer lortzen… baliteke lagatzea. Kirol bat praktikatzean, iruditzen zait lehia probatu beharreko zerbait dela; nik egin dut jada, eta lasai eta harro laga nezakeela uste dut. Azken finean, hau nire bigarren afizioa da; lehena semeekin jolastea da. Baina, aldi berean, oraindik hemen nago eta aukera hau aprobetxatu nahi dut; eman beharreko guztia emateko prest nago, bukaerara arte. Kirolean eta orokorrean dena probatzea gustatzen zait, barrutik bizitzea. Nahiago dut lagunen artean partida bat jokatu telebistan ikusi baino, futbolean benetan eskasa naizen arren… Honekin, berdin: nire aukeren barruan, saiatu egin nahi dut. Zorte apur batekin, nire antzeko norbait tokatuko zait biharko hitzorduan.

Zein izango litzateke aurkari ideal hori?

Ni bezalako beterano animatu bat. 40 urte beteko ditut abuztuan, baina kontua ez da adina bera. Kontua da nire adineko asko irakasleak direla, kirol honetan ibilbide luzea dutenak, lehia askoan aritutakoak… Horrelako norbait tokatuz gero, zaila ikusten dut. Baina, aldi berean, are gehiago motibatzen nau gogor entrenatzera: zaila da, baina ez ezinezkoa. Inportanteena parte hartzera animatzea da; animatu ezean, ez duzu ezer lortzen, ezta ondo pasatzen ere.

Beste ezer esatekorik baduzu...

Mallabiko herriari eskerrak eman nahi dizkiot kirol hauek ezagutarazten laguntzearren; Urriko Jaietako kickboxing gaua urteroko hitzordu bihurtuta, kasu. Bortitzak dirudite batzuetan, baina errespetua, diziplina eta bestelako balio handi batzuk transmititzen dituzte.