Datorren urtean, hogeita hamabost urte beteko dira Arietzu Mendi Taldea sortu zenetik. Gaur egun, desagertuta dago, eta azken urteetan ez da mendi-irteera ofizialik egin Mallabian, kuadrillek euren artean antolatutakoak izan ezik. Frontoiaren kudeaketaz arduratzen diren Pili Silva eta Koldo Zabala dira, besteak beste, lagun artean euren kabuz irteerak egin izan dituztenetako bi. Zabalaren berbetan, aspalditik igartzen zuten eskaintza falta herrian: "Duela hiru urte hartu genuen frontoiaren ardura, eta spinning, zumba, indar-entrenamendua... egiten diren neurrian, mendi-irteerak ere antolatu zitezkeela pentsatu genuen". Ideia, ordea, hor geratu zen, aurten arte.
Apirilean, Artarrai Mendi Taldeak ibilbide zirkularra egin zuen Mallabian. Berrogei lagun batu ziren, horietatik bederatzi mallabitar, eta euren arteko berbetaldia izan zen proiektuaren hazia. Gero, Mallabia FTko Laura Fernandes presidentea eta Carlos Perez koordinatzailea batu ziren, eta, Mallabiko Frontoiarekin batera, ideia aurrera eraman eta taldea sortu zuten: Mallabiko Mendizaleak.

Apirilean egindako Mallabiko ibilbide zirkularrean. ARTARRAI
Zehaztu dutenez, ez da mendi talde bat izango bere horretan, "ez da kuotarik ordainduko edo bazkide egin beharko; mendi-irteera irekiak izango dira, doakoak, eta edozein pertsonak eman ahal izango du izena, Whatsapp bidez" (albiste bukaeran taldera batzeko lotura).
Ibilbideei dagokienez, hitzordu bakoitzean bi desberdin diseinatuko dira: bata orokorra eta bestea laburragoa, familiek umeekin egiteko pentsatutakoa.
Lehena, kostan; gainontzekoak, Mallabi inguruan
Lehen irteera uztailaren 19an –domeka– egingo da. Deba eta Zumaia arteko ibilbidea egingo dute, bertako flyscha ikusteko. 16,5 kilometroko distantzia izango du, eta bost ordu eta erdian egitea aurreikusi dute. Debara joateko, trena hartuko dute Zaldibatik. Irteera ordua atzeratu da eta 07:45ean elkartuko dira tren-geltokian; 07:20an, Mallabiko petrilean. Sei lagun apuntatu ziren hasieran, eta gutxi batzuk gehiago animatzea espero zuten "lehen ibilbide hau apur bat gogorra eta opor garaian antolatutakoa dela kontuan hartuta". Bada, dagoeneko hemeretzi lagunek eman dute izena.
Taldetik hainbat gomendio eman dituzte domekarako: puntualak izatea, ahalik eta auto gutxien eramateko antolatzea, Barik edo Mugi txartela eramatea —edo tren-txartela erosteko dirua—, Debarako bidea beste garraioren batean egingo dutenek aldez aurretik jakinaraztea, mendiko oinetakoak eta arropa erosoa janztea, eguzkitako krema ematea, eta txanoa, makila eta ur-botilak eramatea.
Momentuz, beste bederatzi irteera lantzen ari dira; guztiak Mallabian, eta zirkularrak. "Bertako ibilbideak egin nahi ditugu lehenengo; ondoren, taldeak babesa izanez gero, hasiko gara beste txoko batzuk esploratzen".

Laura Fernandes
FUTBOL TALDEKO PRESIDENTEA
"Kirol eta kultur eskaintza zabala dugu futbol taldean, baina gehiena umeei zuzenduta dago; nagusien frontenis txapelketak dira salbuespena. Guztiek batera egiteko jardueren bila genbiltzan, eta, herrian dagoen mendiko ekintzen eskaintza falta ikusita, Mallabiko Mendizaleak sortzera animatu ginen".

Koldo Zabala
FRONTOIKO ARDURADUNA
"Frontoian ere jarduera pila daude, baina herritar askok, hona etorri eta gimnasioan sartu baino, zapatilak jantzi eta naturan murgiltzea dute nahiago; nik barne. Mendizaletasun handia dago Mallabian; eskaintza falta zen. Orain, espero dugu jendea pixkanaka animatzea eta talde polita osatzea".
Mallabiko Mendizaleak whatsapp taldera batzeko, egin klik HEMEN.