Diskoa "fedea izatearen beharraz" mintzo dela aipatu zenuen aurkezpen-ekitaldian. Zein fede?
Ez da erlijiosoa, behar existentziala da. Ez nuen konfiantzarik mundua hartzen ari zen norabidean. Helduleku batzuk behar nituen, konfiantza handiagoa izan bai munduan, bai pertsonengan.
Bada, diskoa ez duzu bakarrik egin, eta kolaborazioetako bat Izaro Andres mallabitarrarekin izan da.
Urteak dira oso lagunak garela, eta espazio seguru horretan erraza da gauzak sentitzen ditugun moduan komunikatzea eta sortzea. Victoria Eugenian aurkeztu genuen, elkarrekin, Zerbaiten zain kantua, eta iaz, bideoklipa.
2024an izan zen hori, eta, zure diskografiari erreparatuta, hiru urtean behin kaleratzen dituzu diskoak. Berririk egongo da datorren urtean?
Ez dut estudioa erreserbatu, baina badut gogoa eta borondatea. Gustatuko litzaidake 2027rako zerbait berria izatea.
Zintzilik (2018) akustika baten akordearekin hasten da, Aho uhal (2021) gitarra elektriko baten arpegioarekin eta Zainak eman (2024) bonbo elektroniko batekin. Zergatik aldaketa hain markatu horiek?
Gustatzen zait hautu estetiko berriak egitea. Disko bat sortzean, beti geratzen naiz zerbait probatzeko gogoarekin. Honetan soinu zikinak eta elektronika landu ditut; orain, paisaia sonoro berriak esploratu nahi dut.
Ura Bere Bidean-en izan zarela kontuan hartuta... sinfonikoak?
Polita eta zentzuzkoa izan liteke nire ibilbidean. Dena den, ez dut aldaketa handirik egiteko asmorik, poparen inguruan jarraituko dut. Azkenean, garrantzitsuena kanta da; ona bada, berdin dio zer jantzi jartzen diozun. Ez da erraza, baina erronka polita da.
Skakeitan-en elektronikarako aldaketa bizitzeak Zainak eman-en ekoizpen prozesua erraztu dizu?
Beti lagundu dit taldean egoteak, asko ikasi dut eta perspektiba eman dit. Erabakiak partekatu egiten dira hor; nire proiektuan, aldiz, pisua nire gain erortzen da.
Idazteko orduan hitzekin jolasten zara; ohiko errimak ez ezik, esaldi hasieretan ere osatzen dituzu.
Nire obsesioetako bat da. Asko erreparatzen diet hitzen sonoritateari, errimei eta esanahiei. Niretzat musikak eta hitzek pisu bera dute, %50 eta %50.
Estudioetan ordu asko eman dituzu, baina esperientzia handiena zuzenekoetan duzu. Maketa bera zuzenekoa izan zen.
Lana nuen, Skakeitan ere hor zegoen… eta ez nuen denborarik ezer egiteko. Baina jendeak galdetzen zidan zer egiten nuen, eta era inprobisatuan grabatutako Zarautz zuzenean izan zen, nolabait, nire aurkezpen-txartela.
Geroztik, mota guztietako plazetan jo duzu: txosnak, gaztetxeak, aretoak, jaialdiak... Non gusturen?
Zorte handia izan dut. Ba, antzoki batean baldintza tekniko hobeak daude, eta musikari bezala asko eskertzen da; baina, azkenean, denetatik elikatzen gara.
Mallabian jaietan arituko zara.
Horrelakoetan berotasun handiagoa dago, eta sorpresarako leku gehiago: ezagutzen ez zaituen norbait geratzen da, ume bat dantzan hasten da... magia berezia dauka. Txarrak ere gerta daitezke, baina Mallabian onerako izango dela pentsatu nahi dut. Aukera eta erronka da, aldi berean.
Kantu oso pertsonalak dituzu. Nola funtzionatzen dute jai giroan?
Testuinguru lasaietan jo dut askotan, baina festetan ere momentu posible asko egon daitezkeela aldarrikatzen dut. Dena ez da euforiara mugatu behar.
Nolakoa izango da kontzertua?
Diskoak kontraste asko ditu, eta zuzenekoan hori islatu nahi dugu. Kantu dantzagarriak zein lasaiak daude. Eszenografia zaindu dugu, argi-diseinua prestatu dugu eta musikari bikainak izango ditut. Bizkaian aurten egingo dugun kontzertu bakarra izango da; polita izango da, eta herritar guztiak animatuko nituzke etortzera.
Aipatu bezala, baduzu lagunen bat herrian, iaz Janus Lesterrek gonbidatu izan zuena…
Bai, baina aurten egoera berezia du, eta ez dakit etortzerik izango duen. Hala ere, gonbidatuta dago, noski. Poz-pozik hartuko genuke.
Hamaika urte atzera jo zenuen Mallabian, eta orain jaietako kartelburu bueltatuko zara. Olatz desberdin bat ikusiko dugu?
Kuriosoa da hainbeste urteren ostean bueltatzea. Herriko tabernan izan zen, eta Izaro ere bertan egon zen. Orain, banda osoarekin eta nire proiektuarekin joango naiz. Gustatuko litzaidake han egon zen norbaitek pentsatzea: "Begira zer-nolako bidea egin duen".