Mallabiko Udalak 2025-2026 ikasturtean euskara ikastaroetan matrikulatutako herritarrentzako laguntza deialdia kaleratu du. Ekimen honen helburu nagusia helduen artean euskararen ikaskuntza bultzatzea da eta Mallabian hizkuntzaren ezagutza zein erabilera areagotzea .
Onuradunak eta baldintzak
Laguntza hauen onuradun izateko, eskatzaileek Mallabian erroldatuta egon behar dute. Bekak udal-euskaltegietan, euskaltegi pribatuetan edo homologatutako barnetegietan euskalduntze- eta alfabetatze-ikastaroak egin dituzten pertsonei zuzenduta daude, betiere eskoletara gutxienez % 75eko asistentzia egiaztatzen badute.
Aldiz, deialdi honetatik kanpo geratuko dira Hizkuntza Eskola Ofizialaren bidez edota IRALE, IVAP edo antzeko programa espezifikoen bidez ikasketak egin dituztenak.
Laguntzen zenbatekoa
Guztira, Udalak 3.000 euroko aurrekontua izendatu du deialdi honetarako. Dirulaguntzaren kopurua ikasleak izandako asistentzia-mailaren arabera kalkulatuko da, honako tarte hauen arabera:
- % 75 eta % 79 arteko asistentzia: matrikularen % 75 ordainduko da.
- % 80 eta % 89 arteko asistentzia: matrikularen % 90 ordainduko da.
- % 90etik gorako asistentzia: matrikularen % 100 ordainduko da.
Asistentzia % 75etik beherakoa bada, ezin izango da laguntzarik jaso. Gainera, eskabide guztien zenbatekoak aurrekontu-partida gaindituko balu, dagoen dirua banatuko litzateke onuradunen artean.
Epeak eta dokumentazioa
Interesdunek 2026ko urriaren 30era arte izango dute eskabideak aurkezteko aukera. Eskaria formalizatzeko, inprimaki normalizatua, NANaren kopia, matrikularen ordainagiria eta euskaltegiak emandako asistentzia-ziurtagiria (gutxienez % 75ekoa) aurkeztu beharko dira.