Txupinazo hunkigarria Mallabiko Andra Mari jaietan

Estibalitz González 2026ko abuztuaren 15a

Berbalaguneko joskintza tailerreko kideek izan zuten atzo udaletxeko balkoitik jaien hasiera iragartzen duen txupin zaratatsua botatzeko ohorea. Ekitaldira adin guztietako herritar ugari batu zen eta emozio eta irribarre asko izan ziren txupineren artean.

Aurten Jai Batzordeak Berbalaguneko joskintza tailerreko kideak saritu nahi izan ditu euskara eta arropak biziberritzeko egiten duten ahalegin txalogarria goraipatuz. Marijo Ramosen gidaritzapean, astero batzeko tartetxoa hartzen dute, arropa berregin eta josteaz batera, euskara praktikatzeko eta biziberritzeko helburua tarteko.

Poz handiz hartu zuten txupina botatzeko gonbitea. Arratsaldeko zazpiak eman aurretxoan, dena zen barrea eta algara udaletxeko areto nagusian: balkoira jaietako zapiak modu desberdinez lotuta ateratzea bururatu zitzaien, eta lortu ere! Une honetan tailerrean dauden eta martxan diharduen hiru urteotan bertako partaide izan direnen batzuez osatuta taldetxo alaia atera zen udaleko balkoira. Naia Unamunok irakurri zuen pregoia guztien izenean, ondoko berbekin:

Arratsalde on, Mallabia!

Lehenik eta behin, eskerrik beroenak Jai Batzordeari eta Mallabiko Udalari aurtengo Andra Mari jaiei hasiera emateko ohore hau gure esku uzteagatik.

Gu Berbalagun egitasmoko Joskintza Tailerreko kideak gara. Duela hiru urte hasi ginen elkarrekin josten. Baina laster konturatu ginen ez ginela oihalak bakarrik josten ari. Hariz hari, harremanak josi ditugu. Hariz hari, euskaraz hitz egiteko aukerak josi ditugu. Eta hariz hari, herri biziago bat ehuntzen saiatu gara.

Gaur gonbidapen bat egin nahi dizuegu. Bizi ditzagun jai hauek irribarrez, errespetuz eta elkar zainduz. Izan daitezela erasorik gabeko jaiak, pertsona guztiek askatasunez eta segurtasunez gozatzeko modukoak.

Eta, noski, anima gaitezen euskaraz hitz egitera. Hitz bat, bi edo gehiago... bakoitzak dakienarekin.

Gora Mallabia!

Gora Andra Mari jaiak!

Txapligua piztu eta txalo artean eman zitzaien hasiera 2026ko Andra Mari jaiei. Herritarrek eguneko eta gaueko ordu luzeak dituzte musikaz, dantzaz, bertsoz, kirolez, jolasez eta abarrez gozatzeko, lagun artean eta jai giroan.