Aterri joan zen Andramari eguna

Estibalitz González 2026ko abuztuaren 16a

Euri iragarpen guztiak albo batera lagata eta eguerdi bueltako euri-langar modukoa salbu, aterri eutsi zion egunak, mallabitarren pozerako. Aro atseginak bultzatuta-edo, egunean zeharreko ekitaldietara erruz batu ziren ikusleak, mota eta gustu guztietako egitarau zabalari esker.

Eguna fresko argitu zen Mallabian, estimatzekoa aurreko egunetako bero-zapen ostean. Goizak aurrera, euri moduko bat hasi zuen, bustitzeko baino indargeago. Iluntzean beste saikera bat eta kito! Aire zabalean egiteko ekitaldi asko zeuden programatuta eta eskertzekoa izan zen azken uneko aldaketa edo B planik aktibatu behar ez izana.

Loli txakurra irabazle

Goizean Euskal Artzain Txakurren Bizkaiko LXI. Txapelketa burutu zen San Pedro Bidartekoaren ermita inguruetan. Hamaikatxo lagun hurreratu ziren lurraldeko herri desberdinetatik etorritako 14 txakur eta haien artzainen lanak ikustera. Irabazle suertatu ziren Imanol Díaz zallarra eta haren txakur Loli, 356 punturekin gailendu ostean.

Dantza, zirkoa eta erromeria

Jasokunde parrokian zegoen hurrengo hitzordua, Ama Birjinaren omenezko meza eta haren osteko juntadizo estimatua. Dantzarien txanda etorri zen gero, erakustaldi polita eskainiz frontoian; jarlekutik mugitzeko premia barik zirko-antzerkiko bikote aktoreak, kantxa akrobazia ausartez bete zuen. Aukeratu beharra egon zen: frontoian gelditu edo EinGo taldearen erromeria proposamen ibiltarira batu.

Karta-jokoa eta harri-jasotzea

Arratsaldean ere hautatu beharra etorri zen: tutean jokatu Kontzejuzarrean edo frontoiko harri-jasotze ikuskizunera gerturatu. 16 bikotez osatutako karta-joko ekinaldian Eneritz Zenikazelaia eta Asier Lejarazu mallabitarrak gailendu ziren. Frontoian, ikuslez lepo, erakustaldi ederra eskaini zuten harriekin deman jardun zuten 12 kirolariek. Emakumeetan txapeldun izan zen Leire Olea gernikarra, 62,5 kiloko zilindro zaharrari eta 62,5 kiloko bolari 88 altxaldi eragin ostean; gizonezkoetan Mikel Lopetegi, Urra zarauztarrak jantzi zuen txapela 100 kiloko zilindro zaharrari eta 100 kiloko bolari 89 altxaldi eginda. Herriko ordezkariek Jon Gisasola Zelai IV.k eta Aritz Abendibar, Bengok jaso zituzten herritarren animo gehien.

Iluntzean bertso saioa

Iluntzean bertso saio musikatuak entzule mordoa erakarri zuen. Plaza ugaritan aritutako bertsolariekin batera taularatuz, Araitz Katarainek estreinaldia egin zuen bere herrikideen aurrean, airoso eta bertso-sorta ederrekin.

Gauean, Olatz Salvador

Olatz Salvadorrek eman zion egunari akabera eta sorpresa txiki bat eskaini zien entzuleei, Korapilatzen izeneko bere kantu ezaguna Gazako Sol Band taldeko Rahaf Shamali abeslariarekin kantatuz.