Goiz erdian hasi eta gauaren ordu txikietaraino luzatzen den kuadrillen egunak estimazio handia du mallabitarren artean. Askoren esanetan jaietako egunik ederrena da; jendetsuena eta parte-hartzaileena bada behintzat eta erdigunera herritar gehien erakartzen duena ere.
Eguneko menua: marmitakoa eta paella.
Sukaldari trebe eta ez hainbestekoen eguna ere bada, sutondotik urruntzen ez direnena eta sukalde kontuetara hurreratu ez baina konbertsazioa emanda sukaldarien jarduna arintzen dutenena. Guztiak hemen baleko.
Atzo elizpean ez zen bazterrik geratzen libre. Han-hemenka sakabanatuta zeuden suak, bonbonak, treberak, lapikoak, paella-ontziak… Arroza nonahi eta hari sustantzia pixka bat emateko arrainetik jo zuten batzuk, okelatik beste askok eta ortuko gauzetatik beste mordo batek.
Esandako orduan han ziren lehiakide guztiak: 15 paella eta 5 marmitako aurkeztu ziren. Begoña Arrieta eta Imanol Mugarzak egin zituzten epaile lanak. Euren esanetan batzuk itxura ona izan arren, gustuan eskasago zeuden, eta kontrara ere. Tartean arroza gutxiegi egin eta ale gogorrak zituztenak ere topatu zituzten, baina gatza behintzat guztiek tamainan botata zutela jardun zuten esaten. Egin beharreko dastaketak egin ostean marmitakoaren lehen saria Josuk eta haren lagunek eskuratu behar zutela erabaki zuten eta bigarrena El Correo izeneko taldekideek. Paella lehiaketako irabazleak Zaldiko-maldiko kuadrillako lagunak izan ziren eta bigarren saria Konponarrak taldeak eginiko bi paelletako batek merezi izan zuen.
Jokoak ikuslez beteta
Jai guztietan bezala, badira ere jokoetan edo dantzan parte-hartzea gustatzen zaien herritarrak eta baita bata zein besterako ikusle soil modura egonda gozatzen dutenak. Horiena ere bada San Rokeko egitaraua.
Urtero bezala, jokoek ikusmira itzela sortu zuten eta lekuan-lekuan modalitate bat burututa, Gazte Asanbladako kideek harantz eta honantz erabili zituzten herritarrak. Zortzi talde izan eta garaile izateko ahaleginak eta bat egin arren ere, irabazlea bakarra behar zen izan: Zaldiko-maldiko kuadrillakoek eskuratu zuten ohore hori.
Txerri-errea eta musikaldiak
Amaiera gozoa emateko txerri-errea eta sagardoa dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Ondoren Luhartz taldearen dantzaldia etorri zen eta ordu txikietan sartuta DJ Bull-en musika.
Nekea, logura, aharrausia, ajea… horiexek izango dira haren baten datozen egunetako protagonista nagusiak Mallabian, baina gozatu dena gozatua dago!