Euskal Artzain Txakurren txapelketan Imanol Diaz garaile Loli txakurrarekin

Estibalitz González 2026ko abuztuaren 18a

Larunbat goizez San Pedro Bidartekoaren ermita inguruan burutu zen Euskal Artzain Txakurren Bizkaiko 61. txapelketa eta Imanol Diaz zallarra izan zen irabazle, Loli txakurrak egindako lan txukunari esker.

Ermitaren osteko landak izan ziren beste behin artzainen, haien txakurren eta ikusleen topagune. Hamalau bikotek hartu zuten parte Bizkaiko txapelduna erabakitzeko lehian, lurraldeko paraje desberdinetatik etorritako artzain eta euskal arrazako txakurrez osatutakoak:  lau Abadiñotik, hiru Zallatik, bi Gatikatik eta ordezkari bana Etxebarria, Galdames, Gueñes, Orduña eta Orozkotik.

Hogei bat buruz osatutako hiru artalde garraiatu zituzten bertaraino eta honenbeste ariketa eginda aldatu egiten zituzten. Deigarria leku hartan zegoen isiltasuna, ezinbesteko txakurrek ondo entzuteko jabearen berbak. “Segi”, “Etzan”, “Atzera”, “Ezkerrera”, “Eskumara” eta ezer gutxi gehiago esanda, ikusgarria zelan ulertzen zuten elkar.

Galtzeko arrisku bizian dagoen arraza da euskal artzain txakurrarena eta artzaintzarako duen berezko senagatik da estimatua. Txakur ausartak eta era berean orekatuak izaten ohi dira, lagunkoiak oso eta beraien lurraldea zaintze kontuetan apartak.

Mallabira etorritako guztietatik, Loli txakur gorriztak eskuratu zuen txapela, 356 puntu lortuz Imanol Diaz jabearen aginduak zintzo bete ostean. Bizkaiko ordezkari gisa joango da irailaren 19an Axpen ospatuko den Euskal Herriko Artzain Txakurren txapelketara eta berarekin batera han izango dira ere sailkatutako hurrengo hirurak: Mendi txakurra eta Karlos Ardanza, Soli eta Jose Migel Etxebarria eta laugarren geratutako Zuri eta Jose Mari Fernandez.

Urtea Txakurra Artzaina Herria
2025 Mendi Karlos Ardanza Abadiño
2024 Mendi Karlos Ardanza Abadiño
2023 Urbi Kepa Ardanza Abadiño
2022 Jai Angel Varona Zalla
2021 Mendi Karlos Ardanza Abadiño
2020 (Bertan behera) - -
2019 Laia Enrike Mendiguren Orozko
2018 Gala Eneko Serrano Orozko
2017 Riki bi Enrike Mendiguren Orozko
2016 Riki bi Enrike Mendiguren Orozko
2015 Seiko Eneko Serrano Orozko
2014 Riki bi Enrike Mendiguren Orozko
2013 Riki Enrike Mendiguren Orozko
2012 Luna Jose Ramon Garcia Gueñes
2011 Bizkai Jose Urien Abadiño
2010 Lur Juan Egurrola Etxebarria
2009 Bat Jose Urien Abadiño
2008 Riki Enrike Mendiguren Orozko
2007 Izar Kepa Ardanza Abadiño
2006 Izar Kepa Ardanza Abadiño
2005 Noizarte Enrike Mendiguren Orozko
2004 Riki Enrike Mendiguren Orozko
2003 Txiki Kepa Ardanza Abadiño
2002 Riki Enrike Mendiguren Orozko
2001 Argi Karlos Ardanza Abadiño
2000 Xarpa Jose Urien Abadiño
1999 Xarpa Jose Urien Abadiño
1998 Xarpa Jose Urien Abadiño
1997 Oker Juan Egurrola Etxebarria
1996 Bat Jose Urien Abadiño